Adinekoen egoitzetako lan hitzarmena berritzeko negoziazioa "blokeatuta" dagoela salatzeko, sei greba egun deitu zituen ELA sindikatuak Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, eta gaurkoa izan da aurreneko greba eguna. LABek, bere aldetik, lau orduko lanuztea deitu du, eta Donostian (Gipuzkoa) mobilizatu da, manifestazioan. ELAren deialdia ere Donostian izan da, eta han mobilizatu dira Gipuzkoako egoitzetako langileak, Adegiren egoitzaren aurrean. Bihar jarraituko dute protestekin, eta hainbat herritan mobilizatuko dira, tartean, Zumaian; han egingo dituzte Urola Kostako mobilizazioak, aurrena 11:30ean eta 18:30ean bigarrena.
Sindikatuek urtarrilean jarri zuten martxan negoziazio mahaia patrolanarekin, eta ordutik lau aldiz bildu diren arren, "langileen aldarrikapenei entzungor" egitea egotzi diete sindikatuek patronalari. Hori dela eta, protesta deitu dituzte ELAk eta LABek. ELAk sei greba egun deitu ditu: gaurko, hilak 11, biharko, ekainak 12, eta, etzirako, ekainak 13, eta uztailaren 9, 10 eta 11rako. LABek, berriz, lanuzteak deitu ditu uztailaren 9rako eta 10erako (07:30-08:30 eta 13:30-14:30) eta 11rako (09:00-13:00).
ELAren eskaerak
ELAk adierazi duenez, lehen greba egunean gehiegizko zerbitzu minimoek baldintzatzen duten grebaren jarraipena "oso zabala" izan da egoitzetan. Urola Kostan, Zumaian izan du jarraipen handiena. Goizean ELAk Adegi aurrean egindako elkarretaratzean, sektoreko hiru patronalei -Adegi, Matia eta Lares- eskatu diete "langileek pairatzen duten prekaritatearekin amaitzeko negoziazio erreal bat irekitzeko". Izan ere, sindikatuaren arabera, "langileek gogoz kontrako kontratu partzialak dituzte, arreta zuzeneko orduak jaitsi egin dira, eta lan kargak izugarri igo". Egoitzetako zerbitzuak azken urteetan "okerrera" egin duela dio sindikatuak, eta nabarmendu du sektorea "mozkinak lortzea helburu duten enpresa pribatuen eskuetan" dagoela.
ELAk jakinarazitako datuen arabera, 5.000 bat langilek egiten dute lan Gipuzkoako erresidentzietan, ia denak emakumeak. "Gipuzkoako Foru Aldundiak %90 finantzatzen duen zerbitzu publikoa eskaintzen dute, baina lan baldintza prekarioak dituzte", dio sindikatuak.
Zaintza sistema "erdigunean" jarriko duen eta zaintzaileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena eskatu du ELAk. Hain zuzen, honako hauek dira egindako eskaera zehatzak: "%100eko jardunaldiko kontratuak langile guztientzat, soldata arrakalarekin amaitzea, asteko lanorduak 32 izatea eta adinean gora doazen langileek erretiroa aurreratu ahal izateko formulak ezartzea, arrisku psikosozialen plan adostuak eta zerbitzuak euskalduntzeko baliabideak".
LABek, baldintzen berdintzea
LAB sindikatuak lan baldintzen ekiparazioa aldarrikatzen du, hau da, adinekoen egoitzetako langileek administrazio publikoko langileen lan baldintza berak izatea. Horrez gain, ratioak jaitsi behar direla aldarrikatzen du LABek. Sindikatu abertzaleak manifestazioa egin du Donostian, udaletxe aurretik abiatuta, eta dozenaka langile batu da deialdira.
Garbiñe Aranburu LABen koordinatzaile orokorrak salatu duenez, adineko egoitzetako langileek zerbitzu publikoa ematen dute, baina erakunde publikoek sektorea pribatizatu eta zaintza langileak prekarietatera "kondenatzen" dituzte. "Instituzioek beraien ardura publikoari muzin egiten diote eta patronala baliatzen da negozioa egiteko, baina arduradunak instituzioak dira eta instituzioek ez dute zaintza duinik bermatzen", gaineratu du.