Elai elkarteak Azpeitiko I. Zaldi Martxa antolatu du ekainaren 28rako. Lauzpabost ordu inguruko ibilbidea egingo dute zaldi gainean, 09:00ak aldera Loiolatik abiatuta. Itzuleran, bazkaria egingo dute.
Gehienez ere 50 zaldik parte hartu ahal izango dute martxan, eta topaketan parte hartu nahi duten herritarrek 50 euro ordaindu beharko dituzte. 605724355 telefonoan eman beharko dute izena eta, bestela, egunean bertan, 08:00etatik aurrera, Loiolako Uranga jatetxean.
09:00etan abiatuko da taldea Sistiaga aldera, Igaratera egingo dute handik, eta Oleta gainera gero, Martite aldetik. Oletan hamaiketakoa egingo dute antolatzaileek prestatuta, eta atsedenaren ostean, Izazpi aldera egingo dute. Handik Igaratera itzuliko dira berriz, eta Txalintxo aldetik itzuliko dira Loiolara. Lotura honetan ikus daiteke ibilbide osoa.
Loiolako Uranga jatetxean bazkaria egingo dute, eta bertan leku bat egokituko dute zaldiak lotu ahal izateko.
Eguraldi txarra egingo balu, ibilbidea laburragoa izango litzateke, Sistiagatik zuzenean Txalintxora eginda. Kasu horretan, Loiolatxo auzo elkartean egingo lukete hamaiketakoa.