Komunitate bat, izen bera

Mailo Oiarzabal 2025ko eka. 12a, 16:02

Roman Artano, Mikel Olaizola eta Arantzazu Aramendi, Karmelo Etxegarairen Perdillegiko egoitzaren jolastokian. (Mailo OIarzabal)

Uztaro haur eskolak, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Urola Ikastolak izendapen berria eta bateratua izango dute aurrerantzean. Bihar jakinaraziko dute izen berria, herriko plazan ospatuko duten bateratze festan (19:00).

Hiru ikastetxe, lau egoitza eta 1.500 ikasle inguru denera. Horiek dira gaur egun Azpeitiko hezkuntza publikoaren sarearen zenbakiak. Urteetan bailarako haur eskola bakarra izan ondoren gaur egun Haurreskolak partzuergoan dagoen Uztaro haur eskolak; Haur Hezkuntzako (HH) eta Lehen Hezkuntzako (LH) ikasketak barne hartzen dituen Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik; eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) zein Batxilergoko ikasleak hartzen dituen Urola Ikastolak osatzen dute sare hori.

1993ko ikastolen publifikazio prozesuaren ondorio dira gaur egungo Karmelo Etxegarai zein Urola. Etxe beretik eratorriak, elkarren arteko harremana eta elkarlana ez dira kontu berria, eta Uztaroren eta Karmelo Etxegarairen HHko etaparen arteko harremana ere estutzen joan da. Orain, ordea, urrats bat aurrera egitea erabaki, eta izendapen berri baten pean bateratzea erabaki dute Azpeitian sare publikoan lanean diharduten hiru ikastetxeek.

Bihar jakinaraziko dute izen berria, herriko plazan ospatuko duten bateratze festan (19:00). Elkarlanetik bateratzera izena jarri dio festari Azpeitiko hezkuntza komunitate publikoak..

"Ibilbide argia"

Urola Erdiko lehen ikastolaren 60. urteurrena ospatzeko zer eta nola egin erabakitzeko elkartzen hasi ziren Karmelo Etxegaraikoak eta Urolakoak, eta bilera horiek izan ziren izen bateratuaren prozesuaren abiapuntua.

"Hausnartzen hasi ginen. Nahiko zatituta geundela ondorioztatu genuen, etapak elkarrengandik nahiko bereiztuta, eta 0 eta 18 urte bitarteko ibilbide argia izatea nahi genuela: ume bat Uztaron matrikulatzen denean, gerora Karmelo Etxegarain eta Urolan ikustea bere burua", azaldu du Karmelo Etxegaraiko zuzendari Mikel Olaizolak.

Izan ere, beraiek beren buruak ibilbide baten katebegi gisa ulertu arren, herritar askok ez dituztela horrela sumatzen uste du Roman Artano Urolako zuzendariak. "Batzuek institutua esaten diote, beste batzuek ikastola...", dio, "izendapenetatik hasita" zenbait herritarrentzat egoera "nahasgarria" dela adierazteko.

Horrela, elkar gehiago hartzea eta hirurak barne hartuko dituen izendapen berriaren pean aurkeztea erabaki dute Uztarok, Karmelo Etxegaraik eta Urolak. Izen bera hartu arren, "organikoki" orain arte bezala funtzionatzen jarraituko dute ofizialki, bakoitza bere zuzendaritzarekin eta antolaketarekin. Hala ere, izen berria ekarri duen prozesu honek "beste koordinazio bat" ekarriko diela dio Olaizolak, "elkarrekin gauza gehiago adostea eta hitz egitea, eta etapa batetik bestera egon daitezkeen jauziak arinagoak izatea". Ez dira, baina, hutsetik abiatuko: "Ari ginen jada lan bat egiten. Ez ginen biltzen hasi bateratzea erabaki genuelako, alderantziz baizik. Zentzunak agintzen duelako bateratu gara, sare publikokoak garelako. Idealistak ere bagara, eta daukaguna hobetu dezakegula uste dugu. Trantsizioak leunak izan behar dira, ez da igarri behar Uztarotik HHra sartzen zarenean edo LH6tik DBHra zatozenean. Nahiz eta hiru klaustro eta hiru zuzendaritza edukiko ditugun, sinergiak lantzen ari gara eta nahi duguna da batera arraun egitea, gero eta sinkronizatuago eta harmoniotsuago", borobildu du eskolen asmoa Artanok.

Legez ez baina "de facto" bateratzeko bidean jarri diren hiru ikastetxeen arteko "elkarlana eta komunikazioa lehendik" zetozela berretsi du Uztaroko zuzendari Arantzazu Aramendik, eta gaineratu du gaur egun Uztarotik igarotzen diren haur "gehienek sare publikoan jarraitzen" dutela ondoren, baina izen beraren pean egoteak horretan sakontzen "lagunduko" diela sinetsita dago Aramendi.

Direnaz "harro"

"Lana ondo egiten dugu, baina askotan ez dugu indarrik gastatzen hori komunikatzen". Hala esan du Artanok, iragarri duten aldaketa garrantzitsua herriko plazan, "herritarrekin eta herritarrentzat" festa eginda –lelo hori erabili dute sareetan– egitera zerk eraman dituen azaltzeko.

Hezkuntza sare publikoan egiten duten lana "aldarrikatzeko" modu bat ere izango baita gaurkoa. Direna "harro" erakusteko nahia eta beharra aipatu dituzte hiru zuzendariek. "Beste batzuk noiznahi hartzen dute plaza, eta oso ondo iruditzen zait, baina guk egiten dugun zerbitzua ere aldarrikatu behar dugu. Biharko gizartea eraikitzeko oinarri-oinarrizko zumitzekin ari gara. Gizartearen benetako isla dago hemen, kalean nahasten ez dena gurean nahasten da, eta hori harro erakutsi behar dugu", dio Artanok.

Festa jendetsua

Ikasturte bukaerako ohiko festa egunari ez ohiko bukaera emango diote bihar Uztarokoek, Karmelo Etxegaraikoek eta Urolakoek. Izan ere, urtero ohi dutenez, Karmelo Etxegaraiko Perdillegiko ikastetxean eta Urolan hasiko dituzte ospakizunak arratsaldean, baina aurtengo festa eguna herriko plazan bukatuko dute.

18:30ean trikitilariekin kalejiran abiatuta iritsiko dira plazara, eta 19:00etan hasiko da hango ekitaldia. Zuzendariek, Nagore Alkorta alkateak eta Jaurlaritzaren Hezkuntza saileko Gipuzkoako ordezkariak hartuko dute hitza, eta dantza, musika eta umorea ere ez dira faltako. Eta 20:00 aldera iritsiko da denek esperotako unea, hiru ikastetxeen izen berri bateratua jakinaraziko duten unea, hain zuzen.

Baina festa ez da hor bukatuko: plazan bertan afaria egingo dute 1.400 bat lagunek 20:30etik aurrera, DJen emanaldi eta guzti.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide