Ikasturtea behar bezala agurtzeko, irailetik hona ikasitakoak jendaurrean erakutsi zituzten atzo arratsaldean Loretoki gimnastika erritmikoko taldean ibiltzen diren dozenaka haur eta gaztetxok. Hain zuzen ere, ikasturtean jokatu dituzten txapelketetan aurkeztu dituzten lanak eta atzoko jaialdirako propio prestatutako dantzak egin zituzten harmailetatik begira zituzten dozenaka lagunen aurrean. Jaialdiaren bukaeran, gainera, diploma bana jaso zuten gimnasta guztiek.
2024-2025 ikasturtea bukatuta, hurrengoari begira jarriak dira Loretokiko arduradunak, eta jakinarazi dutenez, dagoeneko zabaldu dute datorren ikasturterako izen-ematea. 2020-2016 urte bitartean jaiotakoek eman dezakete izena eta, horretarako, gimnastika erritmikoko taldearekin jarri beharko dute harremanetan azpeitia.gimanstika@hotmail.com helbide elektronikora idatzita.