Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari 2023ko ekainaren 1ean hitzartutakoa betetzeko eskatuz elkarretaratzea egin dute Ikasberriko hainbat langilek gaur goizean ikastolaren aurrean. Haien arabera, Hezkuntza Sailak LAB sindikatuarekin hitzartutako akordio laborala ez du bete bi urteren ondoren.
Hezkuntza Sailaren eta LABen arteko akordio horrek Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako hezkuntza sare guztietako langileei eragiten die, eta Ikastolakoei bi eremutan. "Batetik, lan hitzarmen horren arabera, Ikastoletako langile guztien soldatak sare publikoko langileen soldatekin parekatuko dira 2027an. 2024an zegokiena altxatu zitzaien langile denei, baina 2025etik bakarrik irakasleei aplikatzen zaie eta gainontzeko langileei altxatzeko zantzurik ez diogu ikusten Hezkuntza Sailari". Bestetik, mobilizatu diren Ikastolako langileen arabera, Hezkuntza Sailak hitzartu zuen "Ikastolako langileen lan baldintzak sare publikoko langileenakin homologatzeko azterketa egingo zela bi urteko epean". Mobilizatu direnek esan dutenez, dagoeneko azterketa egiteko aurreikusitako epea gainditu da, eta horretarako plangintzarik ez da egiten ari Hezkuntza Saila.