Festa betearekin ospatu dute ikasturte amaiera Ikasberri ikastolan

Mailo Oiarzabal 2025ko eka. 14a, 09:06

Jolasa, musika, dantza, lehia eta orla banaketak izan zituzten nagusi atzo arratsaldean zehar, ikasleak, gurasoak eta langileak elkartu zituen urteroko hitzorduan.

Datorren astean maila askotan oraindik eskolak izango dituzten arren, udako opor usaina nagusi izan zen atzo Azpeitiko Ikasberri ikastolan. Izan ere, atzo arratsaldean egin zuten 2024-2025 ikasturtea agurtzeko festa han ikasleek, gurasoek eta langileek.

Jolasa, musika, dantza, lehia eta orla banaketak izan zituzten nagusi; Batxilergoa bukatu eta ikastolako ibilbidea osatu duten ikasleek jaso zuten beren orla, eta DBHko ikaaketak osatu dituztenek ere atera zuten taldeko argazkia.

Gainerakoak altxorraren bila, aurpegiak margotzen, puzgarrietan eta jolasetan murgilduta ibili ziren. LHkoek beren jaialdia egin zuten, dantzak, kantak eta ikuskizuna eskainiz. DBHkoek, berriz, patata tortilla lehiaketa egin zuten; 21 taldek parte hartu zuten, eta Amane Urbietak, Laiene Ezamak, Iraia Urrestillak eta Ane Arrietak osatutako laukoteak irabazi zuen.

Txarangak eta trikitilariek girotu zuten festa, eta karaokea ere izan zuten, ogitarteko janarekin borobildu zuten ospakizunean.

(Argazkiak: Nerea Uranga)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide