Kirola eta festa giroa uztartu dituzte aurten ere Urrestillan San Joan Herri Krosaren bueltan. 21. aldia zuen sanjoanen atariko gisa antolatzen duten kirol hitzorduak, eta urtero legez, dozenaka eta dozenaka ume elkartu dira arratsaldeko lehen korrika saioetan parte hartzeko. Baina aurten, gainera, lasterketa nagusia ere aspaldiko jendetsuena izan da: kadete, jubenil, senior eta beterano, 80tik gora gizon eta emakume lehiatu dira handien proban.
Ibilbide gogorrari lau itzuli egin beharrean hiru egin dizkiote aurten; horrela, 8,8 kilometro izan beharrean, 6,6 izan ditu aurten Urrestillako krosak. Murrizketa horrek eraginda ala ez, kontua da parte hartzeak nabarmen egin duela gora aurtengoan. Aldatu ez direnak, baina, lasterketa nagusiaren irabazleak izan dira. Aurten ere Aitor Mimenza (21.48) eta Maite Etxezarreta (24.50) izan dira azkarrenak San Joan Herri Krosean; seigarren aldiz jarraian irabazi du Mimenzak Urrestillan, eta laugarren aldiz erreskadan Etxezarretak.
Hala ere, aurten senior gizonen proban ohi baino gehiago estutu dute Mimenza. Bigarren itzulia beteta helmuga gurutzatu duenean, metro batzuk aurretik zuen Azpeitiko bizilagunak Endika Donnay; azken itzulian, ordea, koskatxoa atera dio Mimenzak azkenean bigarren sailkatu den Donnayri (22.18). Xabat Manzisidor azpeitiarrak osatu du gizon seniorren podiuma (22:34). Emakumeen lasterketan, bigarren postua ere azpeitiar batentzat izan da, Nerea Etxeberriarentzat (29.40), eta hirugarrena Aiora Altuna azkoitiarrarentzat (29.40).
Beteranoetan azkarrena izan da Etxeberria bera emakumeen artean; gizon beterano azkarrena, berriz, Farid el Idrissi izan da (23:04). Jubenilen proban –bi itzulitara–, Zumarragako (gipuzkoa) Aimar Calvorentzat eta Jone Iraeta azkoitiarrarentzat izan da garaipena.