Trinitate jaien ekuatorea gainditu dute Nuarben, ekitaldi jendetsuz betetako lehen egun eta erdiaren ondoren.
Atzo arratsaldean Zezen Beltz elkarteak antolatutako sokamuturrak jende asko elkartu bazuen, gaur eguerdian gainezka egon da Nuarbe. Frontoian izan dute lehen hitzordua, Ilunpe elkarteko pilotari gazteenek jokatu dituzte partidekin. Pilotariak lanean ari ziren bitartean, ondoren eman duten ikuskizunerako azken entseguetan ibili dira Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolako dantzariak.
Pilota partidak bukatu ondoren eta areto dantzen emanaldia hasi bitartean, hamaiketako ederra eman dute Nuarbeko festa batzordekoek plazan. Orain lanbroa bizi, orain ateri zela egin dute dantza emanaldia Dantzakikoek, plazatik mugitu ez diren ikus-entzuleen txalo artean.
Arratsaldean eta bihar, gehiago
Gaur arratsaldean bereziki umeei zuzendutako ekintzak izango dituzte Nuarben, puzgarriekin eta Julen magoaren emanaldiarekin; eta iluntzean, afal aurretik zein ondoren, Laja eta Alabierren eskutik erromeria.
Trinitateak, ordea, astelehenean bukatuko dira aurten ere, eta urtero bezala, ume jolasak eta erromeria izango dira festetako azken egunaren osagaiak.
Hau da gaurko eta biharko Nuarben izango duten festa egitaraua:
Gaur, igandea
- 17:00-19:00. Puzgarriak.
- 18:00-19:00. Julen magoa.
- Jarraian, afal aurretik eta afal ondoren,Laja eta Alabierrekin erromeria.
Bihar, astelehena
- 17:00. Umeentzako jolasak, tailerrak eta txokolate jana.
- 21:30. Izer eta Narbaizarekin erromeria.