Lagun Onaken Ohorezko Jubenilen mailako taldeak Euskal Ligan lehiatuko du datorren denboraldian, atzo mailaz igotzea lortu eta gero. Hiruko igoera faseko azken partida atzo jokatu zuten Amurrion, hango taldearen kontra, eta Azpeitikoei nahikoa izan zitzaien partida 1-1 berdintzea igoera ziurtatzeko, aurrez lanak ondo eginda joan zirelako.
Liga erregularra sailkapeneko bigarren lekuan bukatu zuten Lagun Onakekoek, eta zuzenean aurrena bakarrik igotzen denez, hiruko igoera fasea jokatu behar izan dute Bizkaiko eta Arabako bigarren sailkatuen kontra. Atzoko partidara norgehiagoka bana irabazita iritsi ziren bi taldeak. Hain zuzen ere, Azpeitiko taldeak 4-1 irabazi zion Abadiñori; Amurriokoak, berriz, 0-1. Horrenbestez, atzokoa irabazten zuenarentzat izango zen igoera, eta berdinduta bukatzekotan, Lagun Onakek alde zuen abantaila.
Basarteko futbol zelaian 17:00ak puntuan zirenean hasi zuten norgehiagoka erabakiorra, eta lehen segundotik bertatik gogor borrokatu zuten bi taldeak. Azpeitikoak markagailuan atzetik zirela iritsi ziren atsedenaldira, baina horrek ez zituen beldurtu, eta bigarren zatiko hogeigarren minutuaren bueltan, Pello Odriozolak berdinketaren gola egitea lortu zuen.
Horrela, 1-1ekoarekin iritsi ziren partidaren bukaerara, eta horrenbestez, Lagun Onakekoentzat izan zen mailaz igotzeko saria. Gogotik ospatu zuten taldekideek eta baita haiei babesa ematera joandako zaleek ere; izan ere, bi autobus bete zale joan ziren Azpeititik Arabara.