Scooterzaleek ikuskizuna eman dute skate parkean

Aitziber Arzallus 2025ko eka. 16a, 09:00

YK Riders taldeak antolatuta, II. Scooter Jaialdia egin dute Izarraizko Atean. Euria oztopo izan da goizeko saioa behar bezala gauzatzeko, baina arratsaldekoa aurreikusita bezala egiteko aukera izan dute. 

Izarraizko Ateko skate parkea puntako scooterzaleen topaleku bihurtu zen atzo, YK Riders taldeak antolatuta II. Scooter Jaialdia egin baitzuten. Egun osorako egitaraua prestatuta zuten arren, euriak ez zien goizeko saioa behar bezala gauzatzeko aukerarik eman; arratsalderako, ordea, bestelakoak ziren baldintzak.

16:00etan hasita, patinete gainean ibiltzeko dituzten gaitasunak agerian utzi zituzten Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako scooterzaleek. Euskadiko Txapelketagatik lehian aritu ziren batzuk, erakustaldia emateagatik beste batzuk, eta nola ez, haiei begira aho zabalik egon ziren skate parkera bertaratu ziren herritarrak, txiki zein handi. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide