Domina bana lortu dute Unai Martinezek eta Olatz Salaberriak Uxue Trail lasterketan

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 16a, 10:43

Usurbilgo lasterketa solidarioko proba luzea egin zuten korrikalari azpeitiarrek. Urrea lortu zuen Martinezek, eta zilarra Salaberriak. Bestalde, Ibai Angulo eta Oier Etxeberria azpeitiarrek nahiz Peio Ziarsolo errezildarrak Espainiako Kilometro Bertikaleko Txapelketa jokatu zuten atzo, Euskal Selekzioaren elastikoa jantzita, Villanuan. Proba horretan, Jexux Zelaia Lagun Onak mendi bazkunako korrikalariak garaipena lortu zuen beteranoen C1 mailan.

Unai Martinez eta Olatz Salaberria azpeitiarrek domina bana lortu zuten atzo, igandez, Usurbilen jokatu zuten Uxue Trail mendi lasterketa solidarioan. Urrea erdietsi zuen Martinezek, eta zilarra Salaberriak. Gaixotasun arraro bat duen Uxue usurbildarraren omenez antolatu zuten lasterketa bosgarrenez, eritasuna ikertzeko dirua eta babesa lortzeko helburuz.

Korrikalariek bi lasterketa izan zituzen aukeran, bat 12 kilometrokoa eta bestea 21 kilometrokoa. Lasterketa motzean 230 pertsonak lortu zuten helmugaratzea, eta luzean, berriz, 74k. Podiumera igotzea lortu zuten korrikalari azpeitiarrek mendi lasterketaren ibilbide luzea egin zuten, eta Andatza mendia inguratu ostean iritsi ziren helmugara. Unai Martinezek 1:44:05ean gelditu zuen kronometroa, eta Olatz Salaberriak 2:11:12ko denboran osatu zuen ibilbidea.

Kronoak.eus webgunean ikus daiteke Uxue Trail mendi lasterketako sailkapen osoa.

Olatz Salaberria, ezkerrean, Uxua Trail lasterketaren helmugan. (Utzitakoa)

Jexux Zelaia, Espainiako txapeldun

Jexux Zelaia Lagun Onak mendi bazkunako korrikalariak garaipena lortu zuen igandean Villanuan (Huesca, Espainia) jokatu zen Espainiako Kilometro Bertikaleko Txapelketan. Zehazki, beteranoen C1 mailako irabazlea izan zen, hots, 60 urtetik gorakoen artean azkarrena eta, beraz, kategoria horretan Espainiako txapeldun izan zen. Collarada mendian jokatu zen proba, eta 5,5 kilometro eta 1.000 metroko desnibela zuen igoera 56:05:6ko denboran osatu zuen.

Jexux Zelaia, Espainiak Kilometro Bertikaleko Txapelketako podiumean. (Utzitakoa)

Halaber, Ibai Angulo eta Oier Etxeberria azpeitiarrek nahiz Peio Ziarsolo errezildarrak ere Espainiako Kilometro Bertikaleko Txapelketa jokatu zuten, Euskal Selekzioaren elastikoa jantzita. Lasterketa nagusian lehiatu zen Etxeberria, promesen kategorian Angulo eta jubeniletan Ziarsolo.

320 korrikalarik baino gehiagok parte hartu zuten Kilometro Bertikaleko Espainiako Txapelketarako puntuagarria zen 2K proba bertikalean.

Azpeitia eta Errezileko korrikalariak, goiko ilarako azken hirurak, Euskal Selekzioarekin. (Utzitakoa)

Ehun korrikalarik parte hartu zuten gizonezkoen lasterketa nagusian, eta 32. postuan helmugaratzea lortu zuen Oier Etxeberriak, 48:54:6ko denbora eginda. Ibai Angulo ez zen podiumetik urruti ibili, seigarren iritsi baitzen metara, 47:29:1eko denbora eginda. Peio Ziarzolok, halaber, 51:19:5eko denboran osatu zuen proba, eta zortzigarren egin zuen jubenilen kategorian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide