"Oinezkoen mugikortasuna sustatzeko eta segurtasuna bermatzeko helburuarekin", Azpeitiko Udalak kamera sistema berria ezarri du Loiolako eremura sartzeko hiru sarreretan. Gailu berriek matrikulak irakurriko dituzte eta, horrela, santutegiko eremura soilik baimendutako ibilgailuak sartuko direla ziurtatu nahi du erakundeak.
Ohar batean esplikatu duenez, Loiola auzoko 3, 4, 5, 6, 7, 8, 12, 13, 15, 16, 17 eta 18 etxebizitzetan erroldatuta dauden bizilagunek ez dute inongo izapiderik egin beharko bere ibilgailuak basilikako eremura sartzeko, baldin eta matrikula erroldako helbidearekin lotuta badute. Beste kasu guztietan, herritarrek mezu elektroniko bat bidali beharko dute haz_udaltzaingoa@azpeitia.eus helbidera baimena eskatzeko, baimen eskaera arrazoituz.
Udaltzaingoak baimen iraunkorrak edo aldi baterakoak emango ditu, kasuaren arabera. Honako hauek egin ahal izango dute eskaera:
- Erroldatutako egoiliarrek, etxebizitzen jabeek, alokairu kontratua dutenek edo horien senideek.
- Garajeen jabeek edo errentariek.
- Merkataritza establezimenduek eta hornitzaileek.
- Mezularitza zerbitzuek.
- Obretako, mudantzetako eta etxez etxeko konponketetako langileek.
- Mugikortasun urriko pertsonen titularren ibilgailuek.
- Larrialdi zerbitzuek.
- Ekitaldietarako baimenak eskatu dutenek.
- Bestelako eskaerak aztertu egingo dira.
Zalantzak izanez gero, Udaltzaingoarekin harremanetan jar daitezke herritarrak, ondorengo zenbakian: 943-15 13 13.