Azpeitiko jubilatu eta pentsiodunek ikasturteko azken elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian, astelehena, Azoka Plazaren aurrean. Asteroko mobilizazioak geldituko dituzte uda garaian, eta irailaren 8an berregingo diote pentsio duinen aldeko borrokari. Atzoko elkarretaratzearen amaieran, hamaiketakoa egin zuten Azoka Plazan.
Une honetan, gutxieneko pentsioa soldata minimoaren parekoa izan dadin eskatuko duen Herri Ekimen Legegilea (HEL) Gasteizko Legebiltzarrean eztabaidatu dadin ahalegintzen ari da pentsiodunen mugimendua. Azken hilabeteetan, 145.142 sinadura batu dituzte horretarako.
Ohar batean adierazi dutenez, Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiei, Vox taldeari salbu, bilerak egiteko eskaerak luzatu dizkiete, baina, momentuz, EH Bilduren erantzuna besterik ez dute jaso. Otsailaren 13an bildu ziren koalizio abertzaleko ordezkariekin eta, pentsiodunen arabera, HEL "tramitera, eztabaidara eta erabakira" pasatzeko borondatea erakutsi zuten.