Ekindar energia kooperatibak batzar orokorra egingo du astelehenean

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 19a, 11:35

Ekindar kooperatibak 2024ko azaroan egin zuen batzarreko irudia.

Besteak beste, energia-komunitatearen etorkizunari buruzko hausnarketa estrategikoaren prozesua aurkeztuko du Ekindarrek asteleheneko batzarrean. 17:30ean hasiko dute bilera, Soreasun.

Ekindar energia kooperatibak ohiko batzar orokorra egingo du datorren astelehenean, eta bazkide guztiak parte hartzera deitu ditu. 17:30ean hasiko da bilera, Soreasu antzokian.

Batzarrean, 2024ko ekitaldi ekonomiko eta soziala aurkeztuko dute kooperatibako kideek, eta azken hilabeteetan bultzatu dituzten proiektuen inguruko xehetasunak emango dituzte. Besteak beste, landareen haztegia eratzeko landaketa eta herrian kargagailu elektrikoak instalatzeko ekimena izango dituzte hizpide. Asteleheneko bileran, gainera, energia-komunitatearen etorkizunari buruzko hausnarketa estrategikoaren prozesua aurkeztuko dute.

Ekindar kooperatibak tokiko energia-eredu berriztagarria eta parte-hartzailea indartzea du helburu eta, ohar batean adierazi duenez, batzar orokorra "funtsezko gunea da egindako bidea partekatzeko eta guztion artean energia hurbilagoa, bidezkoagoa eta iraunkorragoa eraikitzen jarraitzeko". Hori dela eta, Ekindarreko Kontseilu Errektoreak aktiboki parte hartzera gonbidatu ditu bere bazkide guztiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide