Hezkuntza Gunearen sareko erakundeei eta eragileei aitortza egin die Iraurgi Berritzenek

Andoni Elduaien 2025ko eka. 20a, 10:25

Iraurgi Berritzeneko ordezkariak, azalpenak ematen. (Azkoitiko Udala)

Hezkuntza Gunearen 15. urteurrena tarteko egin zuten atzo ekitaldia, Azkoitiko Abaraxka aterpetxean. Azkoitiko eta Azpeitiko hainbat erakundek nahiz eragilek jaso zuten garapen agentziaren aitortza, "hezkuntzaren aldeko apustua egiteagatik eta horri eusteagatik".

Urola Erdiko Iraurgi Berritzen garapen eta berrikuntza agentziak duela hamabost urte sortu zuen Hezkuntza gunea, eta urteurren horren aitzakian, sare horretan parte hartzen duten erakundeei eta eragileei aitortza egin zien atzo, osteguna, agentziak, Azkoitiko Abaraxka aterpetxean. Azkoitiko eta Azpeitiko hainbat erakundek zein eragilek jaso zuten garapen agentziaren aitortza, "hezkuntzaren aldeko apustua egiteagatik eta horri eusteagatik".

Azkoitiko alkatea eta Iraurgi Berritzenen presidentea den Ana Azkoitiak lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako eredua defendatu eta aldarrikatu zuen, eta hezkuntzaren balioan jarri zuen azpimarra. "Garrantzitsua da hezkuntzaren eta beste sektoreen, erakundeen edota eragileen arteko hartu-emana, eta hori ahalbidetu dugu Hezkuntza Guneari esker. Lankidetza horri esker, ikasleak bailarako errealitate sozioekonomikora gerturatu dira eta hori aberasgarria da alde guztientzat".

Hezkuntzaren eta eragile sozioekonomikoen arteko harremanetan jarri du muina Hezkuntza Guneak, eta azken urteetan hartu-eman horretan sakontzen jarraitzeko ahalegina egin du. Amaitzear den ikasturtean, guztira, mila ikaslek, 100 profesionalek baino gehiagok, 70 irakaslek eta hainbat sektoretako 60 eragilek parte hartu dute Hezkuntza Gunearen programa horietakoren batean. 

Lau egitasmo handi jarri dituzte martxan 15 urte hauetan Hezkuntza Gunearen barruan: Gerolan, ikasleen orientazio profesional eta akademikora bideratu dena; ZIMAT, zientzia eta teknologia arloetan gaitasunak areagotzera bideratutako programa; Elkarrekin Eraikitzen, inguruko errealitatean murgiltzera gonbidatzen duen egitasmoa; eta Izan Ekintzaile, ekintzailetzaren balioak sustatzeko pentsatutako proiektua.

Bi herrietako alkateak, azalpenak ematen. (Azkoitiko Udala)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide