2025eko udal udalekuak abian dira. Gaur, San Joan bezperarekin, hasi, eta uztailaren 24an, Santio bezperarekin, bukatuko dira aurten udalaren Gazteria sailak herriko umeentzat eta gazteentzat prestatutako aisiarako ekintzak. Horrenbestez, bost astetan egingo dituzte udalekuak.
HH2 eta LH6 arteko 600 umek eta DBH1 eta Batxilergo 2 arteko 195ek eman dute izena udalekuetan. Adinaren arabera banatuta parte hartuko dute ekintzetan, eta ekintzen eskaintza ere horrelaxe prestatu dute, adin tarteka bereizita.
Ia 800 parte hartzaileen kargu egiteko eta udalekuen programa aurrera eramateko 60 laguneko lantaldea osatu du Gazteriak; lantalde horretako zortzi pertsona, gainera, behar berezien kargu egiteko kontratatu dituzte espezifikoki.
Gaur bezala, udalekuak irauten duten bitartean egunero 10:00etan elkartuko dira umeak eta gazteak egun bakoitzeko hitzorduei ekiteko. Udalekuen lehen egunean, goizago elkartu dira begiraleak Gaztelekuan zein ludoteketan, lanari hasi aurretik dena prest izateko. Era berean, udalekuen lehen egunarekin batera jarri dute martxan zaintza zerbitzua ere, haurrak 10:00ak baino lehen ere artatzen dituena. Zerbitzu horrek "harrera ona" duela azaldu dute Gazteriako arduradunek; udalekuen lehen asterako, 60 lagunek eman dute izena zaintza zerbitzurako.