Aitor Zubizarreta saskibaloi jokalariak Inveready Gipuzkoa Basketen jokatuko du datozen bi denboraldietan ere. Hain zuzen, bi sasoitarako berritu du Donostiako taldearekin zuen kontratua. Horrenbestez, talde horretan jarraian egingo duen bosgarren denboraldia izango da datorrena azpeitiarrarentzat.
Base azpeitiarra 2021-2022 denboraldian iritsi zen Gipuzkoa Basket taldera, eta harrezkero, lau denboralditan 124 partida jokatu ditu talde horrekin Urrezko LEB Ligan. Gipuzkoa Basketek jakinarazi duenez, Zubizarreta jokalari klabea da taldearentzat, kantxan nahiz handik kanpo. "Klubak Gipuzkoako saskibaloiko talentua indartzeko duen apustua indartzen du Zubizarretak taldean jarraitzeak", adierazi du klubak ohar bidez.
Azpeitiarrak hainbat taldetan jokatu du gaurdaino, hala nola Bilbao Basketen eta ISBn nahiz Portland Pilotsen eta Idahoko Unibertsitateko Coyotes taldean.