86. Donostiako Musika Hamabostaldiaren kontzertu bat Azpeitian izango da

Andoni Elduaien 2025ko eka. 24a, 12:59

Matthieu de Miguel organo jotzailea. (Donostiako Musika Hamabostaldia)

Matthieu de Miguel organo jotzaile eta Louna Hienly Carbonel biolin jotzaile frantziarrek eskainiko dute kontzertua abuztuaren 9an, Loiolako santutegian. 20:00etan hasiko da frantziarren emanaldia, eta sarrera doakoa izango da. Hainbat artista ezagunen lanak eskainiko ditu bikoteak.

Abuztuaren 9an, zapatuan, Matthieu de Miguel organo jotzaile eta Louna Hienly Carbonel biolin jotzaile frantziarrek 86. Donostiako Musika Hamabostaldiaren Organo Zikloko kontzertua eskainiko dute Loiolako santutegian (20:00). Bikoteak Bach, Kreisler, Guilmant, Widor, Gandrille eta beste hainbat artistaren lanak eskainiko ditu. Kontzerturako sarrera doakoa izango da. 

De Miguel Frantziako organoaren figura nabarmenetako bat da, eta errepertorio erromantikoa nahiz XX. mendekoa menderatzen ditu hark. Bordelen eta Okzitaniako Tolosan hezi zen Michel Bouvard zein beste hainbat maisurekin. Tolosako La Dalbade eta Saint-Nicolas elizetako organoen titularra da De Miguel, eta Saint-Serningo Cavaillé-Coll organoko laguntzailea. Stephane Boisekin batera, orkestra transkripzioengatik nabarmentzen da hura, baita 2018an kaleratutako grabazio bategatik ere. 

Carbonelek, bestalde, 20 urte besterik ez ditu, baina ibilbide oparoa. 6 urterekin hasi zituen biolin ikasketak Perpinyako Kontserbatorioan, eta geroago CHAM programan sartu zen Tolosako Kontserbatorioan, Nathalie Descampsen gidaritzapean. Gainera, Musika Irakaskuntzako Diploma (DEM) eta Ganbera Musikako sariak irabazita ditu hark. Carbonel Alexis Galpérine, Marianne Piketty eta Sarah Nemtanu bezalako musikariekin aritu da bere prestakuntza hobetzen, eta Frantziako Gazte Orkestran ere parte hartu du. Gaur egun, Frantziako zein atzerriko Goi Mailako Musika Eskoletan sartzeko ari da prestatzen. 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide