Donostia Ospitalera zuzeneko autobus zerbitzua eskatzeko sinadura bilketa hasi dute

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 24a, 13:12

Hainbat herritar sinadurak biltzeko mahaiaren inguruan. (Maddi Txintxurreta)

Doako parking-a denontzat plataformako kideek sinadurak biltzeko mahaia jarri dute gaur goizean, azoka eguna, Azpeitiko plazan. Hainbat herritarrek babestu dute Donostia Ospitalera zuzeneko autobusak egon daitezela eskatzen duen ekimena.

Donostia Ospitalera joateko zuzeneko autobus zerbitzua jar dezatela eskatzeko sinadura bilketa hasi du gaur, asteartea, Doako parking-a denontzat izeneko plataformak. Plataformako kideek mahaia jarri dute Azpeitiko plazan, eta azokan zebilen hainbat pertsona erakarri dituzte sinadura bilketara, 10:00etatik 13:00etara.

Talde horrek ohar bidez azaldu duenez, Donostia Ospitalean gero eta zailtasun handiagoak daude autoak aparkatzeko, eta, ondorioz, asko dira egunero dagokien ordua baino askoz ere lehenago joan behar duten langileak, kontsultak galtzen dituzten pazienteak eta senitartekoak bisitatzeko ordainpeko aparkalekuan "diru kantitate handia" uzten duten pertsonak. "Egoera jasanezin" horri konponbidea eman asmoz ari dira sinadurak biltzen Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan.

Herritarrek izango dute aukera gehiago Doako parking-a denontzat plataformaren aldarrikapenekin bat egiteko: ostiral honetan 19:00etatik 21:00etara plazan jarriko dute mahaia, eta uztailaren 2an, halaber, anbulatorioaren aurrean izango dira sinadurak biltzen, 09:00etatik 11:00etara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide