Jose Inazio Elias txistulariari aitortza egingo diote Zarauzko San Pelaio festetan

Mireia Galarza Bastida, Gorka Eizagirre eta Urtzi Oteiza 2025ko eka. 25a, 11:49

Urte luzez, bueltan ezer espero gabe irten da txistua jotzera kalera Jose Inazio Elias, Joxe Miel Gastañaresekin batera. Gaur sanpelaioak hasiko dituzte Zarautzen, eta herriaren aitortza jasoko du txistulari azpeitiarrak. Ekaineko Zarautz Guka aldizkari digitalean argitaratutako elkarrizketa ekarri dugu Azpeitia Gukara.

Jose Inazio Elias (Azpeitia, 1951) txistulariak aitortza jasoko du gaur, asteazkena, Zarautzen, San Pelaio festen hasierako ekitaldian. Txistuarekin kaleak musu-truk alaitzen aritu da urte luzez Joxe Miel Gastañares Legazpirekin (Legazpi, Gipuzkoa, 1946) eta, harekin batera, San Pelaio jaien bandera igotzeaz arduratuko da gaur. Iluntzean izango da hori, helduen danborradarekin batera, Lege Zaharren Enparantza koloretako txapelez eta txalekoz beteko den momentuan.

Eliasek azaldutakoaren arabera, Santa Zezilia egunean izan zuen berak aitortzaren berri. "Xabier Txurruka alkateak deitu zidan, eta asmoa azaldu zidanean, Joxe Mielekin hitz egingo nuela esan nion". 

Gaur jasoko duten aitortzaren atzean, baina, "aspaldi-aspaldi" hasitako harremana ezkutatzen da, bi txistulariek azaldu dutenez. "Kruz Mari Frantzesena Belaetxe zena azpeitiarra zen, eta Zarautzera etorri zen bizitzera. Ni ere Legazpitik hona etorri nintzen, eta orduan ezagutu nuen Belaetxe; gerora izan nuen Eliasen berri, hura ere Zarautzera etorri baitzen", dio Legazpik.

Ezagutu zirenetik, ordu asko elkarbanatu dituzte sanpelaioetan bandera igoko duten bi lagunek, asko txistuaren bueltan, baina baita jan-edanaren inguruan ere. Bizipenei buruz galdetuta, hasperen egin dute biek barrez, horiek asko direla ulertzera emanez, baina ez dituzte azaldu nahi izan. "Parranda asko egindakoak gara elkarrekin, gehiegi gauza onerako".

Era batera edo bestera, dozenaka leku alaitu dituzte txistu eta danbolin doinuekin, bai Zarautzen eta bai inguruko herrietan, eta sanpelaioetakoa beste bizipen bat izango da beraientzat. Bandera igo eta hurrengo egunean, berriz, ohi bezala, goizeko eresian irtengo dira, eta garbi esan dute: "Gorputzak uzten digun bitartean, txistua jotzen jarraituko dugu han eta hemen".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide