Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunaren harira, adierazpena kaleratu du udalak

Julene Frantzesena 2025ko eka. 28a, 09:12

Ortzadar bandera udaletxeko balkoian zintzilik.

Ekaineko udalbatzarrean Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunaren bueltako adierazpena onartu zuten bi udal taldeek aho batez. Gaur da egun hori, eta adierazpena publiko egin du erakundeak.

Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguneko adierazpena aho batez onartu zuten udaleko ordezkariek ekaineko udalbatzarrean, eta gaur, egun hori izanik, adierazpen hori kaleratu du erakundeak. Hain zuzen, Azpeitiko Udalak aniztasunean oinarritutako eskubideen eta bizikidetzaren aldeko aldarrikapena egin du Sexu Askatasunaren Nazioarteko Egunean.

Honako hau da Azpeitiko Udalaren adierazpena:

"1969an Stonewalleko matxinada gertatu zenetik, LGTBIQ+ pertsonen eskubideak aldarrikatzeko eguna dugu ekainaren 28a.

Gurera etorrira, iaz, LGTBIQ+ errealitateen erradiografia egiteko eta neurriak abian jartzeko konpromisoa hartu zuen Azpeitiko Udalak. Hainbat herritarren eta eragileren testigantzak bildu ziren, eta LGTBIQ+ komunitateak herriarekiko dituen pertzepzioa, beharrak, kezkak eta kexak jaso ziren. Udal arduradunoi argi geratu zitzaigun denontzako Azpeitia bizigarri bat lortzeko oraindik asko dugula egiteko, baina bide horretan pausoak ematen jarraitzeko prest gaude, eta, horretarako, inflexio puntu bat izan zen LGTBIQ+ diagnostikoa eta ekintza plana.

Aurtengoa, berriz, lanean jarraitzeko eta ekintza planari bizia ematen hasteko urtea izan da. Hori horrela, beste behin, eta inoiz baino indar gehiagorekin zabaldu nahi dugu ekainaren 28an sexu askatasun eta eskubideen aldeko aldarria. Beharrezkoa da gure herrian sexu eta genero identitate ezberdinetako pertsonek bizi proiektu segurua eta erosoa aurrera eramateko bizi baldintza egokiak sortzea. Inork ez dezan beharra sentitu Azpeititik kanpora bizitzera joateko bere sexualitatea askatasunez bizi ahal izateko.

Hori horrela, hamarkada luzeetan baztertuta eta babesik gabe sentitu diren azpeitiarrei gertutasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu, eta bizi behar izan dituzten diskriminazio egoerak aitortu eta etorkizunean berriro errepikatu ez daitezen neurriak eta bermeak martxan jartzeko konpromisoa hartzen dugu, baita gorroto delituei edota gorroto mezuei aurre egiteko bitartekoak abian jartzekoa ere.

"Batzuek uste dute gai hau LGTBIQ+ pertsonena soilik dela, ez herri guztiarena", azaldu zuen herritar batek diagnostikoa osatzeko egindako elkarrizketetan, eta Azpeitiko Udalak ere bat egiten du uste horrekin. LGTBIQ+ gaiak herritar guztioi eragiten digu, eta herritar oro da Azpeitia herri anitzagoa eta bizigarriagoa egiteko arduraduna. Hori horrela,  LGTBIQ+ komunitateko herrikideen ikusgaitasunean, aitortzan eta erreparazioan jarri nahi dugu arreta aurrerantzean ere.

Ezin dugu ahaztu Azpeitian zein Euskal Herrian asko izan direla LGTBIQ+ borroken ikusgaitasunaren alde lanean aritu direnak, eta beren lan nekaezinaren ondorioz, hainbat aurrerapauso lortu direla. Hala ere, eta diagnostikoan argi geratu den gisan, jarrera LGTBIQ+fobikoek oraindik presentzia handia dute gure herrian, eta horren aurrean antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa da; gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integralak eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak sortzeko bideak, erreparazioa eta memoria lantzeko jarduerak eta abar ezarriz.

"Eta jasotzea jendearen esperientziak, bizipenak, herri honetan pasatu diren gauzak... Ze herri honetan gauza asko pasatu dira!", zioen beste batek. Gauza asko pasatu dira, eta orain herri bezala dagokigu ardurak hartzea eta Azpeitia bizigarriagoa, anitzagoa eta parekideagoa lortzeko bidea egitea LGTBIQ+ komunitateko kideekin batera. Horretarako, iaz hasitako bideari jarraiki, hurrengo urteetarako Azpeitiko LGTBIQ+ planean jasotako neurriak martxan jartzeko ardura eta konpromisoa hartzen du udalak.

Azkenik, ekainaren 28aren bueltan, kaleak hartzeko eta LGBTIQ+ kolektiboaren aldarrikapenekin bat egiteko deia egiten dugu. Eta nola ez, eskerrak eman nahi dizkiegu egunerokotasunean LGBTI+ pertsonen bizitzak bizigarriak izateko lanean eta borrokan ari diren kide eta kolektibo guztiei".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide