Pasa den astearte arratsaldean, San Joan egunez, Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrak urtero antolatzen duen dantza solte txapelketa jokatu zuten Hernanin, eta Jone Arriaranek eta German Aranburuk osatutako bikoteak lortu zuen garaipena. Dantzari azpeitiarrek txapelak, garaikurrak eta 300 euro jaso zituzten.
Ez ziren izan, baina, Hernaniko Udalak Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrarekin lankidetzan antolatzen duen txapelketako lehiakide azpeitiar bakarrak. Are, lehiaketan parte hartu zuten hamar bikoteetatik zazpitan zeuden dantzari azpeitiarrak: Hegoa Aizpuru (Irati Olaizola legazpiarrarekin batera egin zuen dantza), Nora Aizpuru eta Iker Zabala, Laura Bastida eta Ekain Uzkudun, Ane Lazarobaster eta Iara Sustaeta nahiz Jare Labaka eta June Izagirre.