Urrestillako sanjoanak

Jolasa eta jokoa, sanjoanetako azkenaurreko arratsaldean

Mailo Oiarzabal 2025ko eka. 26a, 10:09

San Joan Txiki egunaz gozatu ondoren, gaur agurtuko dituzte festak Urrestillan. Arbolaren entierroarekin itxiko dute azken bi asteetako ekintza sorta luzea, baina umeentzako jolasak eta patata tortilla lehiaketa egingo dituzte aurretik.

Duela bi asteburu estreinatu zuten ekintza sorta luze eta oparoari azken alea erantsiko diote gaur arratsaldean Urrestillan.

Urtero bezala, ekainaren 26an, San Joan hirugarrenean, botako dute San Joan bezperan plazan altxatutako lizarra, baina San Joan arbolaren entierroaren aurretik festan murgilduta igaroko dute sanjoanetako azken arratsaldea ere. 17:00etan hasita, ume jolasak egingo dituzte; eta 18:30etik aurrera, patata tortilla lehiaketa, zimitorioan. Eta lehiaketara aurkezteko egingo dituzten tortillekin eta beste zenbait jaki goxorekin, afari-merienda ere egingo dute, zuhaitza bota eta hura kalejiran eramanda jaiak bukatu aurretik.

Atzokoa ere arratsalde betea izan zuten Urrestillako sanjoanetan. Eguerdiko sagardo dastaketa eta gero, aspaldiko usadioa betez, mus txapelketan buru-belarri aritu ziren batzuk; 34 bikote lehiatu ziren atzokoan, eta Endikak eta Antoniok jantzi zituzten txapelak, baita irabazleentzat gordetako 520 euroak poltsikoratu ere. Eta batzuk jokoan ari ziren bitartean, jolasean aritu ziren beste asko, plazan jarritako puzgarrietan edota buruhandiengandik ihesi korrika, tartean meriendarekin indarrak berrituta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide