Basoen zaintzaz sentsibilizatzeko jarduera egin du Basotik fundazioak San Martin egoitzan

Ane Olaizola 2025ko eka. 26a, 12:02

'Desioen Basoa' jarduera, atzo, San Martin egoitzan. (Basotik fundazioa)

Desioen Basoa izeneko jarduera egin dute hamabi egoiliarrek, bost zentzumenez bidez basoen balioaz ardura daitezen. 

Basotik fundazioak Desioen Basoa izeneko jarduera eskaini zuen atzo Azpeitiko San Martin adinekoen egoitzan, egoiliarrak basoen balioaz eta horien zaintzaz sentsibilizatzeko asmoz. Guztira, egoitzako hamabi lagunek parte hartu zuten zentzumenak uztartzen dituen saioan.

Gipuzkoako basoen aniztasuna eta funtzioak erakusten dituen ikus-entzunezko bideo batekin hasi zuten jarduera, eta ondoren, parte hartzaileek zentzumen bidezko bidaiari ekin ziotela azaldu dute antolatzaileek, basoko soinuak entzunez eta landare usainak arakatuz. Dastamena eta ukimena lantzeko, berriz, basoko fruituak dastatzeko aukera eta espezie ezberdinen egur zatiak ukitzeko tartea ere izan zuten. Azkenik, haritz zuhaixka bat jaso zuten, ondoren landatu ahal izateko. 

Basotik fundazioa basoen "kudeaketa jasangarria" sustatzeko sortu zen, Gipuzkoako lurralde oreka berdea bermatzeko eta basoen "abandonuari" aurre egiteko helburuarekin. Fundazioaren arabera, klima aldaketaren testuinguruan "funtsezko erronka" da basoak balioan jartzea eta herritarrak haien kudeaketa arduratsuan inplikatzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide