San Joan hirugarrenarekin, ekainaren 26an, bukatu dira aurten ere sanjoanak Urrestillan. Arratsalde-iluntze bete-beteaz gozatu zuten atzo plazan eta inguruetan elkartu ziren dozenaka lagunek.
Umeentzako jolasekin hasi zituzten jaien azken eguneko ospakizunak. Eguraldiari neurria hartzeko, ur jolasak antolatu zituzten festa batzordeko gazteek, eta gozatua hartu zuten umeek zein antolatzaileek. Uretan eta irristaka nahikoa eginda, Gukak zimitorioan jarri zuen karpan margotzen eta eskulanak egiten aritu ziren txikienak.
Umeentzako jolasak bukatuta, urtetik urtera ikusmin gehiago pizten duen patata tortilla lehiaketa egin zuten, hori ere zimitorioan. Hamalau taldek parte hartu dute aurtengo lehian, eta Nagore Badiolak, Enara Ansorregik eta Xabat Otaegik egindako tortillarentzat izan da sari nagusia. Epaimahaikideen aburuz tortilla onena zena zein gainerako hamahiruak zitz eta pitz jan zituzten segidan zimitorioan bertan, afari-meriendan.
Eta festen agurraren unea iritsi zen ondoren: Mikel Larrañagak aizkora kolpe gutxi batzuk besterik ez zituen behar izan San Joan bezperan plazan zutitu zuten lizar luzea botatzeko, eta adin guztietako herritarrek kalejiran ibili zuten ondoren San Joan arbola, trikitilari eta pandero jotzaile gazteak aurretik zituztela eta festen agurrerako elkartutako herritarren txalo artean. Datorren urtean, gehiago.
Errifako zenbaki sarituak
Jaietako azken ekitaldiak bukatu bezain pronto egin zuen atzo Urrestillako Festa Batzordeak festetako errifaren zozketa.
8332 izan da zenbaki saritua, eta ordezkoa ere atera dute (9202), lehendabizikoaren jabea agertzen ez bada ere.