Sañu Bizirik taldeak elkarretaratzea deitu du datorren astearterako herriko plazan (18:30), Azpeitiko Udalari zein Piaspe zentral eolikoaren sustatzaile Statkraft enpresari Sañoako proiektu eolikoa mendietan ez dutela nahi aldarrikatzeko. Piasperen neurgailua interes publikokotzat deklaratzeko eskaera joan zen astean GAOn argitaratu ondoren, Azpeitiko Udalak azken hilabeteetan "informazioa ezkutatu" duela salatu du taldeak, eta horrenbestez, honako lelo honekin deitu dute astearteko mobilizazioa: Non dago udalaren gardentasuna?. Hain zuzen, Azpeitiko Udalbatzak uztaileko udalbatzarra egingo du egun horretan (19:00), eta hitzordu horren atarian izango da Piasperen aurkako protesta.
Sañu Bizirik taldeak gogoratu du urtarrilaren 28ra jo behar dela udalaren "mugimendua" ulertzeko, Statkraft enpresa multinazionalak egun horretan egin baitzuen obra eskaera Azpeitiko udaletxean. Ordutik, erakundeek auzokideei eta herritarrei "informazioa ezkutatu" diela salatu du taldeak: "Lehenik, neurgailuaren obra interes publikokotzat jotzeko baimena eska dezan udalak aldundian, eta gero, horrela, proiektuak aurrera egin dezan. Zertarako, ordea, mugimendu hau? Beharbada, foru aldundiak obra baimena interes publikokotzat jotzen duenean, udalak ezer egin ezin duenaren aitzakia jartzeko herritarrei. Ezin zaigu ahaztu Soreasun biek ala biek elkarrekin egindako aurkezpen hura: herritarrek behin eta berriz kontrako iritzia erakutsiagatik, udalaren eta enpresa honen arteko elkarlana aurrera
doala dirudi, azken hilabete hauetan herritarren bizkar egindako mugimenduak
hori ulertaraztera eramaten gaitu behintzat".
Bestalde, Piasperekin aurrera jarraitzeko Statkraftek "bidelagun egokia" bilatu duela azaldu du Sañu Bizirikek: Kutxabank. "Diru gosez dabilen aliatu bikaina bilatu du, errentan
utzi baitio Kutxabankek Statkrafti haize neurgailua jartzeko behar zuen lur
eremua. Oraingoan ere, proiektuak aurrera jarraitzen badu, enpresari handiak
eta bankuak aberastuko dira, Azpeitiko Udalaren laguntzaz, bertako bizilagunen
bizimodua gogor kolpatuz eta eskualdean dugun naturgune garrantzitsu bat
suntsituz".
Taldeak azpimarratu du "trantsizio berdearen izenean" Euskal Herrian zabaltzen ari diren "makroproiektu suntsitzaileetako bat gehiago" dela Sañoa mendian egin nahi dutena. Ildo horretan, EH Bilduren zein Azpeitiko Udalaren jarrera salatu dute: "EH Bilduk banderatzat hartu duen 'energia berriztagarrien' zabalpenaren parte dugu hau, eta Azpeitiko Udala, noski, ez da salbuespena. Herritarren interesen eta naturguneen gainetik, multinazionalen eta enpresari handien interesen alde lerrokatzen ari dira". Testuinguru horretan, "fartsa" salatu ez ezik, makroproiektuen aurka mobilizatzea zein "lurraren defentsan" antolatzea ezinbestekotzat jo du taldeak, eta agindu du bide horretan bere esku dagoen "guztia" egingo duela.