Jakin-mina piztu du Taher Aliren eta Palestinarekin Elkartasunako kideen hitzaldiak

Maialen Etxaniz 2025ko eka. 27a, 11:00

Azoka Plazako aretoan eman zuten solasaldia Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatuta. (Maialen Etxaniz)

Bi ordu iraun zuen solasaldiak, eta Palestinako gatazkari lotutako hainbat auzi izan zituzten hizpide. Besteak beste, Palestinako gaur egungo egoeraz, gatazkaren nondik norakoez, mendebaldeko estatuek Israelekin izan dituzten harremanez eta kolonizazioan zein gatazkan bete izan duten rolaz aritu ziren. Israel hemen ere hasten da txostenean jasotakoen zenbait zertzelada eman zituzten. 

Jendez lepo bete zen Azoka Plazako aretoa Palestinako egoera politikoaren azterketa eta Euskal Herritik egin beharreko ekarpenak hitzaldirako. Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatutako hitzaldia izan zen atzokoa, eta Taher Ali ekintzaile palestinarraren eta plataformako kideen azalpenak entzuteko aukera izan zuten bertaratu zirenek. Ali, erbestean bizi den bigarren belaunaldiko palestinarra da, Ateneo Palestinoko kidea. Palestinarekin Elkartasuna plataforma, berriz, palestinar herriaren erresistentziarekin elkartasunean Euskal Herriko hainbat eragilek elkarlanean osatutako ekimena da. Atzo, plataformako kide Ainhoa Alberdi eta Unai Segurola azpeitiarrak aritu ziren solasaldiaren gidari eta hizlari. 

Azaldu zutenez, 2023ko urrian sortu zuten Palestinarekin Elkartasuna, "ofentsiba sionistaren areagotzearen aurrean, Palestinaren aldeko elkartasuna bideratzeko", oinarrizko lau printzipioren bueltan. "Zenbait sektoretatik diskurtso ekidistanteak mahaigaineratu ziren, palestinarren erresistentzia eta zapalkuntza israeldarra parekatzen zituztenak. Herri zapalduon erresistentzia kriminalizatzen duten diskurtsoen aurrean erantzun irmoa emateko beharra ikusi genuen, palestinar herriaren erresistentziarako eskubidea aldarrikatuta", azaldu zuten hitzaldiaren sarrerakoan. 

Bi ordu iraun zuen solasaldiak, eta Palestinako gatazkari lotutako hainbat auzi izan zituzten hizpide. Besteak beste, Palestinako gaur egungo egoeraz, gatazkaren nondik norakoez, mendebaldeko estatuek Israelekin izan dituzten harremanez eta kolonizazioan zein gatazkan bete izan duten rolaz aritu zen Ali, luze eta zabal. Historiako gertakari garrantzitsuetan sakondu zuen eta palestinar erresistentzia zertan datzan eta nola osatzen den azaldu, beste auzi askoren artean. Horren karietara, "palestinarren erresistentziarako eskubidea" aldarrikatu zuen, eta kritiko agertu zen bi estatuen proposamena defendatzen duten eragile eta alderdi politikoekin; izan ere, Aliren zein Palestinarekin Elkartasunako kideen aburuz, bi estatuen konponbidea "ezinezkoa" da. "Israelgo estatua aitortzea Israelen konplize izatea da. Ezinbestekoa da entitate sionisten aurka egitea, eta zimendu sionista guztien aurka jo behar da", adierazi zuten. Horien arabera, "Palestinaren askatasuna deskolonizazio prozesu baten emaitza izango da"; izan ere, diote "Israelen oinarrian dagoen sionismo supremazista eta etnizista" dela, eta ez duela "palestinarrekin elkarbizitzarik ahalbidetzen". 

Euskal Herrian mobilizatzen jarraitzearen garrantzia nabarmendu zuten, eta horretarako deia egin: "Palestinar herriarekiko elkartasuna adierazteaz gain, gure eginkizuna da boikota bultzatzea eta Israelen konplize diren gobernu, alderdi eta enpresen konplizitatea seinalatzea eta borrokatzea, konplizitate harreman horiek baitira kolonizazio sionista eta horren sarraskiak posible egiten dituztenak". Israel hemen ere hasten da txostenaren berri eman zuten hitzaldiaren azken hondarretan. Bertan, Euskal Herrian Israelekin harremana duten enpresen eta erakundeen berri jaso dute, besteak beste.

Alberdi, Ali eta Segurola atzoko hitzaldian. (Maialen Etxaniz)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide