Mikel Txintxurreta eta Imanol Muro eskalatzaileek (Donostia, 1998) jaso dute Joxe Takolo beka, Joxe Urbieta Takolo zenaren omenez Azpeitiko Udalak eta Euskal Mendizale Federazioak ematen duten 4.000 euroko laguntza. Horri esker, Kirgizistanera joko dute udan, Djangart mendilerro ezezaguneko mendiren bat eskalatzera. Hango hainbat mendi dituzte begiz joak, eta haietan bideren bat zabaldu nahiko lukete. Txintxurreta eta Muro hilabete barru abiatuko dira, uztailaren 26an, eta esan dute "itsu samarrean" joango direla, zer aurkituko duten oso ondo ez dakitela. Justuki, horretxeri eman dio balioa epaimahaiak. Azken orduko kontuak fintzen ari dira egunotan.
Gauza gehienak itxita dauzkazue. Zer-nolakoa izango da bidaia?
IMANOL MURO: Uztailaren 26an dugu joaneko hegaldia, eta hurrengo egunean iritsiko gara Bixkekera, Kirgizistango hiriburura. Erosketak egiten pasatuko dugu eguna. Hilaren 28an, Tamgako etxalde moduko batera joango gara, kamioi sobietar batek jasoko gaitu han, ibaia zeharkatzeko. Zorte pixka batekin, 29an iritsiko gara beheko kanpalekura.
MIKEL TXINTXURRETA: Behin han gaudela, bailara batean sartuko gara, eta han jarriko dugu beheko kanpalekua. Gure asmoa da han hiru menditara igotzea, eta bost egun eskaini nahi dizkiogu mendi bakoitzari. Irteera horien ondotik, beheraino jaitsi, eta egun bat hartuko dugu atsedenerako. Igo nahi ditugun gailur guztiek dituzte 4.800-5.300 metro inguru.
Urduri al zaudete?
M.T.: Oraindik ez. Gauzak ixten ari gara egunotan, plan guztia definitzen. Hala egongo gara eguna iritsi arte. Azken batean, ohituta gaude horrelako planak antolatzen, nahiz eta sekula ez dugun neurri horretako abenturarik egin.
I.M.: Ni urduri nago, eta ez dakit lasaitzerik lortuko dudan han egon arte. Bi kontu ditugu oraindik ixteko: garraioa eta materiala alokatzea. Hilabete oso batez egongo gara han, gu bakarrik. Ikaragarrizko sentsazioa izango da, baina urduri ere jartzen nau.
Zer dela-eta eman zenuten izena Joxe Takolo bekan?
M.T.: Horrelako abentura bat egiteko asmotan ginela jakinda, beharrezkoa genuelako laguntza ekonomikoa.
I.M.: Hegaldia hartu genuen aurrena, eta nora joan gintezkeen begiratu gero. Behin bidaia aztertuta, beka eskatu genuen. Lor genezakeela pentsatu genuen, proposatzen genuen proiektuagatik.
Oso jende gutxi izan da zuek eskalatu nahi dituzuen bideetan.
I.M.: Bai. Nahiko proposamen originala da: jende gutxi ibili da han, gu izango ginateke lehendabiziko euskaldunak bide horiek egiten...
Eta zergatik erabaki zenuten hara joatea?
I.M.: Egia esan, iparrorratzak eraman gintuen Kirgizistanen eskalatu nahi izatera. Bideak irekitzeko potentziala dute, eta toki interesgarria dela iruditu zitzaigun.
Elkarrizketa osoa Berria-ren webgunean irakur daiteke.