Azpeitiko Gaztetxeak data berezi bat ospatuko du aurten: 20. urteurrena. Urtemuga hori tarteko, ohikoa baino egitarau potologoa prestatu dute aurtengoan, eta ekintza ugari izango dira datorren astean hasi eta hilaren 19ra bitartean.
Gaztetxeak urteurrenaren berri emateko ekitaldian azaldu du "herriko hainbat gazte belaunaldiren atzoko eta gaurko borroken gotorleku" izan dela espazioa, eta hori dela eta, "belaunaldien arteko lotura horri eusteko" baliatuko dutela 20. urteurrena.
Bi hamarkadatako bideari errepasoa emanez, atzera begira jarri dira Gaztetxeko kideak. Gogoratu dute 1986an zabaldu zutela lehenengo aldiz Gaztetxea Azpeitian, 1993an desalojatu zuten arte. "Hainbat saiakera tarteko eta borroka luze baten ostean, gaur egungo Gaztetxea lortu zuten 2005ean. Ordutik, Azpeitian, gazte askoren ezinegon politiko, sozial eta kulturalei erantzuteko erreferente bilakatu da. Prentsaurreko honen bidez, atzoko eta gaurko borrokei nahiz bertako militantziaren konpromisoei eta eguneroko antolakuntzari esker 20 urte betetzearen garrantzia azpimarratzea nahi dugu", adierazi dute.
Gaur egungo Azpeitiko Gaztetxeko kideek "borrokan jarraitzeko eta gizarte justuago baten aldeko lana egiteko konpromisoa" hartzen dutela nabarmendu dute, honako helburu hauekin: "Gazteon artean kontzientzia politikoa hedatzeko, jarrera erreakzionario eta faxistei aurre egiteko eta eraso matxista, arrazista edo LGTBIfobikoak onartuko ez diren espazio seguruak sortzeko, beti ere, langile klasearen eskubide politikoen eta sozialen defentsa irmoa eginez". Horrekin batera, "irabazi ekonomikoetan oinarrituko ez den aisialdi eredu alternatiboa antolatzeko" duten ardura ere nabarmendu nahi izan dute.
Beste gaztetxeei elkartasuna
Halaber, norabide horretan lanean ari diren Euskal Herriko hainbat gaztetxeri eta gazte asanbladari "elkartasuna" adierazi nahi izan diote, "besteak beste, Etxarri II gaztetxearen desalojoari aurre egin zioten guztiei edo sententziaren zain dauden Zornotzako Matrailu gaztetxeko kideei". Gogoan izan dituzte "borrokak merezi duela erakutsi duten guztiak" ere: "Durangon gaztetxe bat lortu duten kideak, Gernikan gaztetxea berreskuratu dutenak, Burlatan borroka luze baten ostean gaztetxeari alternatiba bat bilatu dioten kideak, eta nola ez, Zestoako lagunak, borroka eredugarriei esker gaztetxe berria lortu dutelako. Gaztetxeak aurrera!".
Azpeitiko Gaztetxeari ospakizunetarako txanda iritsi zaiola azpimarratu dute, eta 20. urteurrena "berezi" prestatzen saiatu direla, ekintzak hiru astetarako antolatuz. Hitzaldia, belaunaldien arteko afaria, baltsa jaitsiera, futbitoko finalak, bazkaria, kontzertuak, bertso poteoa... antolatu dituzte. Azpeitiko Gaztetxearekin lotura eduki duten musika taldeen presentziarik ere ez da faltako.
Eskerrak emateko ere baliatu nahi izan dute Azpeitiko Gaztetxeko kideek abagunea. "Eskerrak eman nahi dizkiegu, nola ez, gure aurretik Gaztetxearen parte izan ziren kideei eta gaur-gaurkoz Gaztetxean parte hartzen duten kide, eragile eta herritarrei". Era berean, herritarrei dei egin diete antolatutako ekintzetan parte hartzera eta Gaztetxera bertaratzera 20. urteurrena ospatzeko.
Egitaraua
Hona hemen 20. urteurrena ospatzeko prestatu duten egitaraua.
Uztailak 3, osteguna.
- 18:00. Hitzaldia: Okupazioa antolakuntzarako tresna.
Uztailak 15, asteartea.
- 15:30. Auzolana Gaztetxean.
Uztailak 17, osteguna.
- 18:30. Bertso poteoa, kalean.
- Ondoren, afaria Gaztetxean.
Uztailak 18, ostirala.
- 20:00. Futbito txapelketaren Kopako finala.
- 21:00. Futbito txapelketaren Ligako finala.
- Ondoren, parrillada.
Uztailak 19, zapatua.
- 11:30. Baltsa erakustaldia eta hamaiketakoa plazan.
- 12:00. Baltsa jaitsiera.
Gaia: Gaztetxea vs... - 14:30. Bazkaria, plazan.
- Ondoren, sari banaketa.
- 17:30. Karropoteoa.
- 20:00. Gaztetxearen irekiera.
- 20:30. Kontzertuak: Istilu, Verrater eta Labankada.