Zumarragako (Gipuzkoa) Santa Ixabel jaietako Zumarragako 52. Dantza Solte Txapelketa jokatu dute gaur, zapatua, hango Zelai Arizti parkean. Guztira, zazpi bikotek parte hartu dute gaurko txapelketan, baina txapelak Azpeitirako bidea egin du; izan ere, Jone Arriaranek eta German Aranburuk osatutakoa izendatu dute gaurko lehiako bikote onena.
Antxiñako Ama txistularien eta Zumarragako trikitilarien doinuekin dantzatu behar izan dituzte dantzariek arin-arina eta fandangoa. Txapeldunez gain, Azpeitiko ordezkari gehiagok ere lehiatu dute gaurko txapelketan, hala nola Hegoa Aizpuruk, Nora Aizpuruk, Iker Zabalak, Laura Bastidak eta Ekain Uzkudunek.
Hona hemen sailkapena, osorik:
- Jone Arriaran eta German Aranburu (Azpeitia)
- Maren Galvez (Lezo) eta Gorka Granado (Sopela, Bizkaia)
- Ane Jaunarena eta Endika Osa (Lezo, Gipuzkoa)
- Hegoa Aizpuru (Azpeitia) eta Irati Olaizola (Legazpi, Gipuzkoa)
- Nora Aizpuru eta Iker Zabala (Azpeitia)
- Laura Bastida eta Ekain Uzkudun (Azpeitia)
- Amane Uranga eta Naroa Del Rio (Tolosa, Gipuzkoa)
Hona hemen gaurko dantza txapelketaren laburpena, Goierriko Hitzak egindako bideoan: