Luix Beltzaren dantza eskolako eta Juan Antxieta musika eskolako kideen eskutik, atzo, larunbatez, ekin zioten Azpeitia Dantzan egitasmoaren aurtengo aldiari. Soreasun eskaini zuten emanaldia, 19:00etan, Luis Alberdiren eta Mari Jose Bikendiren zuzendaritzapean. Euskal Herriko hainbat txokotako dantzak plazaratu zituzten txistulariek nahiz trikitilariek musikaz lagunduta, eta jendetza bertaratu zen emanaldira.
Datozen emanaldiak
Uztaileko lehen asteburuan bi hitzordu izango dira; uztailaren 5ean, larunbatez, Sahatsa dantza taldearen txanda izango da; plazan eskainiko du talde horrek emanaldia 19:30etik aurrera, Juan Luis Lizaberen gidaritzapean. Igandean, berriz, areto dantzez gozatu ahal izango dute herritarrek; 19:00etan hasiko da Jose Mari Orbegozo dantza eskolako kideen emanaldia.
Azpeitia Dantzaneko laugarren protagonista Itsasi dantza taldea izango da. Uztailaren 20an, igandez, eskainiko dute emanaldia, Soreasun, 19:00etatik aurrera, Ainara Bidal zuzendari dutela.
Emanaldi guztiak doakoak izango dira, baina Soreasu antzokian egingo dituztenetarako sarrerak aurrez hartzea gomendatu du udalak, edukiera mugatua delako. Sarrera horiek Kulturaz kooperatibaren webgunean eskura daitezke.