Jende ugari bildu da gaur goizean Ekoetxean, Toxikoak etxetik at! izeneko tailerrean parte hartzeko. Han bildu diren herritarrek ohiko garbiketa produktuek eragin ditzaketen kalteez ikasteko aukera izan dute Garbiñe Larrea adituaren eskutik, eta, era berean, alternatiba naturalak ekoizten ere egin dute proba. Ikastaroa 10:00etan hasi dute, eta 12:30 inguruan amaitu.
Etxe gehienetan dauden garbiketa produktuek uste baino kalte handiagoa eragiten dute pertsonen osasunean eta ingurumenean, Ekoetxeak ohartarazi duenez. Horri erantzunez antolatu dute gaurko ikastaroa, herritarrak jabe daitezen produktu kimikoek zer nolako eraginak sor ditzaketen.
Toxikoen kalteez jabetzeko soilik ez, ohiko garbiketa produktuen alternatiba naturalak ekoizten ikasteko aukera ere izan dute bertaratu diren guztiek tailerrean. Horrela, xaboi ekologikoak egiten ikasi dute, baita etxea espazio osasuntsuagoa eta jasangarriagoa bihurtzen ere.