Aitor Mimenzak Oñatiko Torreauzoko krosa irabazi du

Andoni Elduaien 2025ko eka. 30a, 10:05

Mimenza helmugara iritsi zen unean. (Goiena)

Sei segundoko errentarekin irabazi du Azpeitiko bizilagunak Oñatiko (Gipuzkoa) auzo horretako lasterketa. Goiena komunikabideak jasotakoaren arabera, Mimenzak "sekula" ez du halako beroarekin jokatu Torreauzoko krosa.

Aitor Mimenzak Oñatiko (Gipuzkoa) Torreauzoko krosa irabazi zuen atzo, igandea. Azpeitiko bizilagunak 24 minutu eta 16 segundoan osatu zuen 7,5 kilometroko ibilbidea, bigarren sailkatu zen Endika Donnayk baino sei segundo azkarrago.

Lehia handia egon zen gizonezkoen proban; izan ere, lasterketaren burua bost lagunek osatu zuten, tartean Mimenzak. Helmugara bidean talde horretan zihoan Endika Donnayk erritmoa aldatu zuen, baina gertutik jarraitu zion Azpeitiko bizilagunak hari, eta kilometro gutxi batzuen faltan aurrea hartu zion Donnayri; hala, helmuga lehenengo postuan zeharkatzea lortu zuen Mimenzak, Donnay baino sei segundo lehenago.

Goiena komunikabideak jasotakoaren arabera, Mimenzak lasterketaren ostean onartu zuen "sekula" ez zuela halako beroarekin jokatu Torreauzoko krosa, eta horrek "eragin handia" izan zuela lasterketan.

Hona hemen atzoko lasterketaren sailkapena: 

  • Aitor Mimenza (24:16).
  • Endika Donnay (24:22).
  • Xabier Lete (24:39).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide