Azpeitiko Udalak, Piaspe proiektu eolikoaren bueltan gardentasun falta leporatu diotela eta, oharra kaleratu du gaur, astelehenez, hainbat argibide emateko. Hain zuzen ere, Piaspe proiektua gauzatu nahi duten lekuan Desarrollos Renovables Iberia enpresak haize neurgailu bat jartzeko eskaera egin ostean, Txillarramendi auzo elkarteak "informazioa ezkutatu" izana leporatu dio Azpeitiko Udalari. Halaber, elkarretaratzea deitu du Sañu Bizirik taldeak biharko, 18:30erako, plazan, Non dago udalaren gardentasuna? lelopean.
Horren aurrean, lur ez urbanizagarrietan proiekturen bat martxan jartzeko eskaeraren bat dagoenean nola jokatu behar izaten duen azaldu du erakundeak, batetik. "Aurretiazko baldintza gisa, ezinbestean, aldundira bideratu behar izaten du proiektua udalak, hark erabaki dezan interes publikokotzak hartu edo ez". Horixe da duela egun batzuk Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) atera zena: neurgailua interes publikokotzat deklaratzeko eskaera. Orain, aldundiari dagokio erantzuna ematea, eta udalak zehaztu duenez, erakunde horrek baimena ematen badu, udalak izapidetu beharko du obra baimena eta, udalerriaren planeamenduak esaten duena kontuan hartuta, ebatzi beharko du baimena ematea dagokion edo ez.
Udalak aitortu du, aldundiari igorri aurretik, ez duela publikoki jakinarazi haize naurgailua jartzeko Desarrollos Renovables Iberia enpresak eskaera egin izana. "Egokia izan zatekeen gaiaren inguruko kezka agertu izan duten eragileei horren berri ematea, eta udalak hala egin ez badu, ez da izan informazioa ezkutatzeko asmoz".
Dena den, halako izapidetzeak jendaurrean egon behar izaten dutela zehaztu du erakundeak, eta haize neurgailuaren izendapenaren kasuan ere prozedura ohikoa izan dela esan du. "Iaz, enpresako ordezkariak udalarekin harremanetan jarri ziren haize neurgailuak jartzeko lur bila ari zirela esanez. Hasiera-hasieratik Txillarramendi auzo elkarteari jakinarazi zion hori udalak, eta haren esku utzi zuen gaia. Ordutik, obra baimenaren eskaera etorri zaion arte, Piaspe proiektuari buruz ez du ezer jakin", erantsi du udalak.
Uneotan Piaspe proiektuaren tramitazioa Eusko Jaurlaritzaren esku dagoela ere esan du erakundeak, hari baitagokio ingurumen eraginaren deklarazioari buruzko ebazpena ematea. Gainera, gogorarazi du iazko maiatzean, horretarako epea zabaldu zutenean, Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako udalak alegazio bateratua aurkeztu zutela, Piasperen bideragarritasun teknikoa ez dagoela bermatuta argudiatuz.
Halaber, udalak adierazi du, "beti esan izan duen bezala", gaiari buruz hitz egin nahi duen edonorekin biltzeko prestutasuna duela eta hala esan izan dietela gaiarekiko kezka agertu duten elkarteko kideei ere.