Azpeitia-Gasteiz Hiru Handietatik barrena etapaz etapako mendi egitasmoko bosgarren etapa egin zuten joan den larunbatean Lagun Onak mendi bazkunakoek. Leintz Gatzagatik (Gipuzkoa) Otxandio (Bizkaia) arteko 28 kilometroko ibilbidea 58 mendizalek egin zuten.
Bi taldetan banatuta egin zuten mendizaleek joan den larunbateko etapa, eta horietako talde batek Anbotoko gailurra igo zuen.
Euskal Herriko hiru lurraldetan ibili ziren mendizaleak joan den larunbateko mendi ibilaldian: Gipuzkoatik abiatu, Araban sartu eta Bizkaian bukatu zuten. Mendizaleak 08:15ean abiatu ziren Leintz Gatzagatik, eta bidean Aramaioko (Araba) balkoitik Leintz bailarako paisaiaz gozatzeko aukera izan zuten. Ondoren, Santikurutz eta Orixol mendi gailurretatik igaro ziren, baita inguruko baso zoragarrietatik ere. Zabalaundin banatu ziren mendizaleak bi taldetan, batzuk Anboto igota eta besteak Olaeta auzotik igarota joan ziren bosgarren etaparen helmugara, Otxandiora. Anbotoko gailurra egin zuten mendizaleak orduerdi bat geroago iritsi ziren Otxandiora.
Etapaz etapako mendi egitasmoko seigarren etapa irailean egingo dute, Hiru Handietako hirugarrena eginda: Gorbeia.
Honako hauek izango dira Azpeitia-Gasteiz egitasmoko hurrengo etapak:
- Irailak 13. Otxandio-Murgia –Gorbeia– (29 kilometro).
- Urriak 18. Murgia-Gasteiz (21 kilometro).
(Argazkiak: Lagun Onak MB)