Askotariko iritziak sortu dira multikirol edo eskola kirola programaren bueltan, baina Azpeitian egitasmoa sustatzen, indartzen eta eskaintzen jarraituko dute hurrengo ikasturtean Azpeitiko Eskola Kirola eta Hezkuntza Elkarteko kideek. Iaz bezala, Multikirol eta JolasHezi programak eskainiko dituzte eskola kirolaren barruan, gaztetxoenei kirol desberdinak probatzeko aukera emateko xedez. Eskola kirolaren derrigortasunaren auziak harrabotsa sortu du Euskal Herriko hainbat hezkuntza zentrotan, baina Azpeitiko elkarteko kideek uste dute fokua "herriko gaztetxoen beharrak ondoen asetuko dituen kirol hastapen eskaintzan" jarri behar dela. Horrela azaldu du Mikel Segurola hezitzaileak.
Urteak dira eskola kirola martxan jarri zela, eta hainbat izan dira denboran zehar egindako aladaketak. Xebas Bereziartua eskola kiroleko hezitzailea izan zen hastapenetan, eta haren aburuz “zaindu beharreko altxorra” da eskola kirola.
Amaitu berri den ikasturtean 600dik gora ikaslek parte hartu dute eskola kiroleko programen barruko saioetan. Gaztetxo batzuk gusturago ibiliko ziren besteak baino, eta guraso batzuek besteek baino iritzi hobea izango dute. Itziar Goenaga hiru nesken ama da, eta Urritz Agirrezabal eskola kiroleko ikaslea. Biek ala biek begi onez ikusten dute egitasmoa.
2025-2026 ikasturterako izen-ematea ireki dute dagoeneko. Azpeitikoeskolakirola.eus webgunean eman daiteke izena. Dena ondo bidean, ikasturtearekin batera jarriko dute martxan Azpeitiko eskola kirola Izarraizpeko, Iraurgiko eta Ikasberriko ikasleei zuzenduta.