Eskola kirola indartzeko konpromisoan berretsita, ikasturte berrirako izen-ematea zabaldu dute

Maialen Etxaniz 2025ko eka. 17a, 18:00

Azpeitiko eskola kirolaren sustatzaileak eta parte hartzaileak, gaurko agerraldian. (Maialen Etxaniz)

2025-2026 ikasturteko eskola kirol eskaintzak orain arteko formatu bera izango du, eta Multikirol nahiz JolasHezi programen prezioa mantendu egingo dute. Dagoeneko ireki dute izena emateko aukera. Egitasmoa eta zerbitzua indartzeko Azpeitiko eskola kirolak babesleak izango ditu aurrerantzean.

Azpeitian eskola kirola sustatzen, indartzen eta eskaintzen jarraituko dute hurrengo ikasturtean ere. Dagoeneko ireki dute 2025-2026 ikasturterako eskola kiroleko Multikirol eta JolasHezi programen izen-ematea, eta horien inguruko xehetasunak emateko agerraldia egin dute gaur Azpeskirola Azpeitiko Eskola Kirola eta Hezkuntza Elkarteko kideek: Ikasberriko, Izarraizpeko eta Iraurgiko ordezkariek, zenbait gurasok, eskola kiroleko hezitzaileek eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek. 

Amaitzear dagoen 2024-2025 ikasturtea izan da Azpeskirola elkartearen aurreneko urtea, eta "balorazio positiboa" egin dute. "Azpeitiko Eskola Kirol planean jaso genituen eginbeharrak eta helburuak betetzeko lehen urratsak egin ditugu, eta oraindik zer hobetua badaukagun arren, bide zuzenetik goazela uste dugu", adierazi dute agerraldian. Azaldu dutenez, 600dik gora ikaslek parte hartu dute aurtengo eskola kiroleko programen barruko saioetan. Izarraizpeko Zutarri guraso elkarteak, Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatiba Elkarteak eta Iraurgi ikastetxeak joan zen urteko uztailean sortu zuten Azpeskirola irabazi asmorik gabeko elkartea, Azpeitiko eskola kirolari kudeaketa iraunkorra ziurtatuko zion egitura bat emateko asmoz eta Azpeitiko Udalarekin elkarlanean. 

Eskola kirolaren derrigortasunaren auziak harrabotsa sortu du Euskal Herriko hainbat hezkuntza zentrotan, eta horren inguruan ere mintzatu dira Azpeitiko elkarteko kideak. Adierazi dute gaiak "zenbait ziurgabetasun" sortzen dizkien arren, fokua "herriko gaztetxoen beharrak ondoen asetuko dituen kirol hastapen eskaintzan" jarri behar dela. Horren karietara, duela bi hilabete plazaratu zuten gutunean adierazitakoetan berretsi dira. "Apirilean plazaratu genuen iritzian jasotzen genuen moduan, uste dugu herriko gaztetxoen beharrak ondoen asetuko dituen kirol hastapen eskaintza egitean jarri behar dela fokua, eta hori da gure helburua. Horretarako, herriko gainerako kirol taldeekin nahiz bestelako eragileekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa dela uste dugu, eta hori da gure nahia", adierazi du Mikel Segurola kirol hezitzaileak.

Horrenbestez, 2025-2026 ikasturteko eskola kirolak orain arteko formatu bera izango du oinarrian, balioz nahiz funtzionamenduz. Beraz, Multikirol nahiz JolasHezi programen kuota mantendu egingo dute: 75 euro Multikirolekoa eta 40 euro JolasHezikoa. Dagoeneko eman daiteke izena azpeitikoeskolakirola.eus atarian. 

Berrikuntzak

Eskaintzak bere horretan jarraituko duen arren, zenbait berrikuntza egin nahi izan dituzte Azpeskirola taldeko kideek, eskola kirolaren onurak herriratzea xede. Batetik, "Multikirol formatuaren onurak eta kirol hastapenaren hausnarketarako elementuak plazaratzeko" atal berri bat jarri dute martxan elkartearen webgunean. Atal horretan "gaiari loturiko artikuluak eta lotura interesgarriak" argitaratzen joatea da sustatzaileen asmoa.

Bestetik, hurrengo ikasturtean babesleak izango ditu Azpeskirolak. Hainbat entitateren eta elkarteren laguntza jasoko dute, "zerbitzua hobetzeko" xedearekin. "Hurrengo ikasturteetan entitate desberdinen laguntza jasoko dugu. Modu horretan, zerbitzua hobetzeko baliabide gehiago izatea ahalbidetu nahi dugu, familiek ahalik eta esfortzu ekonomiko txikiena egin dezaten", azaldu dute sustatzaileek. Domusa, Rural Kutxa, Biele, Bertan merkatari elkartea eta Guka izango dira babesle horiek. Era berean, laguntzaile izango dituzte Gipuzkoako Foru Aldundia eta Azpeitiko Udala. 

Gukarekin hitzarmena

Gukak, tokiko euskarazko hedabidea izanik, ahotsa emango dio Azpeskirola Azpeitiko Eskola Kirola eta Hezkuntza Elkartearen jardunari. Modu horretan, eta orain arte egin bezala, Azpeitiko eskola kirolaren jardunaren berri emango du Gukak: albisteak, argazki bildumak eta taldearen jardunari lotutako bestelako jakingarriak. Gukaren helburua ere bada herriko eragileekin harremana indartzea eta elkarlanerako espazioak irekitzea. Bide horretan kokatzen da Azpeskirolaren eta Gukaren arteko hitzarmena. 

Gukako sustapen arduradun Maitane Elduaien eta Azpeskirolako lehendakari Alaitz Badiola. (Maialen Etxaniz)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide