Helduentzako nahiz haurrentzako ekintzak antolatu dituzte uztailerako Ekoetxean

Nerea Uranga 2025ko uzt. 1a, 16:06

Azpeitiko Ekoetxean haurrekin egindako jarduera bat. (Ekoetxea)

Bisita gidatua, kontaketa eta tailerrak antolatu dituzte besteak beste hil honetarako familiei, haurrei eta helduei zuzenduta. Denetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da Azpeitiko Ekoetxean edota Internetez. 

Azpeitiko Ekoetxean uztailerako bost ekintza antolatu dituzte, horietatik hiru nahi duten guztientzako dira, baina uztailaren 12koa eta 13koa helduentzat bakarrik dira. Saio guztietan parte hartzea doan da, baina kasu denetan aldez aurretik izena eman beharko da parte hartzeko. Informazio gehiago nahi duenak Ekoetxeko 943-81 24 48 telefono zenbakira deitu edota info.azpeitia@ekoetxea.eus helbide elektronikora idatzi dezake.

Honakoak dira Ekoetxean uztailerako prestatu dituzten ekintzak:

  • Uztailak 6, igandea. Ezagutu Igarako errota. 11:00etan eta 12:00etan izango dira bisitak Loiolako Igarako errotan. Bisita gidatuan parte hartzea doan izango da, eta adin guztietakoei zuzendutako saioa izango da. XVIII. mendeko errota da Igarakoa, eta eskualdean martxan dagoen errota hidrauliko bakarretakoa.
  • Uztailak 12, larunbata. Baratzetik lapikora. 10:00etatik 12:00etara izango da sukaldaritza tailerra Ekoetxean, Mendizaleak tabernakoek gidatuta. Helduei zuzendutako ekintza izango da. Urola bailarako eta sasoiko produktuekin errezetak egiten ikasteko aukera izango dute parte hartzen dutenek. "Dibertsioa, sormena, zaporea eta taldelana" landuko dituzte tailerrean. Parte hartu nahi dutenek aurretik izena eman behar dute Ekoetxearen webgunearen bidez.
  • Uztailak 13, igandea. Hitz egiten duten oihalak tailerra. Hiru orduko saioa izango da, 10:00etatik 13:00etara. Zorione Mendezek gidatutako helduentzako saioa izango da. Antolatzaileek adierazi dutenez, natura, bizipenak, presentzia eta kontsumo arduratsua ardatz hartuta, oihal handietan josiko dute parte hartzaileek, birziklatutako materiala erabiliz. Josten ez da jakin behar parte hartzeko, baina aurrez Ekoetxearen webgunearen bidez izena eman beharko da.
  • Uztailak 19, larunbata. Ezagutu jasangarritasuna. Haurrentzako nahiz helduentzako ekintza izango da. Ordu eta erdiko iraupena izango du. Ekoetxearen barrualdea eta kanpoaldea esploratzeko diseinatutako esperientzia interaktiboa da. 90 minutuko tartean ingurumenarekin eta iraunkortasunarekin lotutako hainbat erronka gainditu beharko dituzte parte hartzaileek. Ekintzan parte hartzeko aurretik izena eman behar da Azpeitiko Ekoetxearen webgunearen bidez.
  • Uztailak 20, igandea. Ugaztun hegalarien kondairak kontaketa saioa eta eskulan tailerra. Bi orduko saioa izango da, 10:00etatik 12:00etara bitartean. 4 urtetik aurrerakoei zuzendutako ekintza izango da. Maite Franco ariko da narratzaile, saguzarrek ekosisteman duten garrantzia azalduz. Ipuin kontaketaren ondoren, saiora joaten direnek eskulan tailer batean parte hartuko dute. Ekoetxean egingo duten ekintzan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharra dago Ekoetxearen webgunearen bidez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide