Boluntarioak eskatu dituzte ibili ezin duten haurrak Xoxotera igotzeko

Nerea Uranga 2025ko uzt. 2a, 10:03

Iaz Duchenne Azpeitiakoek boluntarioekin Xoxotera egindako igoera. (Gorka Eizagirre)

Iazko abuztuan bezala, aurten ere Duchenne FM elkarteak antolatuta, DA Duchenne Azpeitia udalekuak egingo dituzte Loiolako aterpetxean. Abuztuaren 23an Xoxotera igoko dira. Mendira haurrak eramateko 4x4 erako ibilgailuak behar dituzte, baita haurrak mendian batetik bestera mugitzeko ehun boluntario inguru ere.

Duchenne FM elkarteak antolatuta, DA 2 Duchenne Azpeitia udalekuak egingo dituzte Loiolako aterpetxean abuztuan. Duchenne giharretako distrofia pairatzen duten hamasei haurrek eta beren familiek egingo dute egonaldia Azpeitian. Udalekuetan hainbat ekintza egingo dituzte, besteak beste abuztuaren 23an Xoxotera igoko dira.

Egun horretan, oinez ibili ezin duten haurrak Land rover edo 4x4 erako ibilgailuetan ahalik eta gorenera igoko dituzte, eta horretarako ibilgailuak eta gidariak beharko dituzte. Gero, ibilgailuetatik Xoxoteko aterpetxerako bidea gurpildun aulki berezi batzuetan egingo dute udalekuetako hamasei haurrek, eta aulki horiek batetik bestera mugitzeko laguntza beharko dute. Horretarako, boluntarioak inguratzeko deialdia egin dute. Haur bakoitzari laguntzeko gutxienez hiruzpalau lagun beharko dituztela kalkulatu dute; beraz, ehun bat boluntario bildu nahi dituzte. Laguntzeko prest daudenek 635 72 90 99 zenbakira izen-abizenak emanez Whatsapp mezua idatzi besterik ez dute egin behar edota Instagram bidez @duchennefm kontura idatzita.

Iazko Xoxoteko igoerako bideoa hemen ikus daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide