Maiatzeko udalbatzarraren akta eta alkatearen ebazpenak alde batera utzita, bi puntu nagusi izan ditu uztaileko ohiko udalbatzarrak. Horietako lehendabizikoa, udal barruan laneko jazarpena saihesteko zein horri aurre hartzeko protokoloarena, eztabaidarik gabe eta instantean onartu zuten atzoko bilkuran. Luzeago jo zuen bigarrenak, Israel Gazan egiten ari den operazio militarraren gainean EAJk aurkeztutako mozioak.
Herriz herri aurkezten ari da EAJ atzo Azpeitiko udalbatzarrean jorratu zuten mozio bera. Jabier Altuna jeltzaleen bozeramaileak mozioa testuinguruan jarri eta irakurri aurretik, aurreko udalbatzarrerako berandutu, eta mozio horren eztabaida uztailerako utzi zutela esan zuen Nagore Alkorta alkateak, baita "mozio bateratu bat aurkezteko saiakera txiki bat" egin zutela ere; baina aukera hori ezin izan dutenez gauzatu, mozioa puntuz puntu bozkatuko zutela aurreratu zuen Alkortak. Eta horrela egin zuten: EAJren mozioaren hamar puntutatik zortzi aho batez onartu zituzten, eta bi puntu, EH Bilduren ordezkarien abstentzioarekin.
"Gai hain larri" baten aurrean adostasuna jorratzeko gai ez izatea "pena handiz" hartu dutela nabarmenduta, abstentziora jotzea erabaki zuten bi puntuen gaineko azalpenak eman zituen Joanes Amenabar EH Bilduren zinegotziak. EAJren mozioaren lehenengo puntuan –"2023ko urriaren 7an Hamasek egindako eraso bortitza gaitzestea"– eta laugarrenean –"EBri eskatzen diogu egitateen larritasunaren aurrean jarduteko eta Israelekin duen akordio komertzial eta politikoa berrikusteko"– abstenitu ziren atzo udal gobernuko kideak. Lehen puntuaren bueltan, EH Bildu Hamasen eraso horien kontra "behin eta berriz posizionatu" dela eta "bere egunean gaitzetsi ere" egin zituela ekarri zuen gogora Amenabarrek, "baina gaur egun Palestinako herria jasaten ari den txikizio basatiaren eta genozidioaren testuinguan abiapuntu gertakari horiek soilik jartzea, pixka bat motz gelditzea iruditzen zaigu", gaineratu zuen. Laugarrenari dagokionez, egoerak Israelekiko harremanak berrikustea baino "etetea" eskatzen duela deritzo EH Bilduk.
Hamasen 2023ko erasoak abiapuntutzat ez dituztela hartzen erantzun zuen Altunak, baina "1.200 hildako horiek, horietatik 800dik gora zibilak, ezin dira alde batera utzi", EAJrenudal taldearen bozeramailearen aburuz. Bestetik, gogora ekarri zuen Altunak duela urtebete inguru gai beraren gainean bi mozio landu zituztela udalbatzarrean, EAJk aurkeztutakoari EH Bilduk berearekin erantzunda. Orduko hartan, EH Bilduk "hainbat herritan" EAJk aurkeztutako mozioa "babestu" zuela esan zuen atzo Altunak, Urretxuren adibidea emanda. "Gu zuen mozioan abstenitu egin ginen, baina zuek gurearen kontra bozkatu zenuten", esan zien EH Bildukoei.
Bi ohar eta eskaera bat
Galdera-erreguen tartea baliatu zuen atzokoan ere EAJk hainbat gai mahai gainean jartzeko. Lehenik eta behin, eskaera bat egin zuen Altunak: "Batzordeak eta udalbatzarrak grabatzea, osorik". Jeltzaleen iritziz, era horretan aktak "arazorik eta zuzenketarik gabe" onartuko lituzkete.
Sierbetako komentua hartu zuen hizpide jarraian Altunak. Joan den astean iragarri zuten udalak komentua erosi duela, eta "pozten" direla esan zuen EAJren bozeramaileak, bere taldeak egindako proposamena gauzatu dela ikusita. "Duela sei hilabete proposamena egin genuenean, esan zenuten populista eta zuhurtzia gabea zela. Sei hilabetera herri estrategia bihurtu denean, pozten gara", esan zuen Altunak Sierben erosketaz. EAJk gai hori mahai gainean jartzea "espero" zuen Alkortak, eta erantzuna baliatu zuen udalak "bai ala bai" eremu horrek duen "erabilera errespetatuko" duela berresteko, "komunikabideetan etxebizitzen gaia aipatzen delako", eta EAJren proposamenean ere jasota zegoelako orube horretan etxebizitzak eraikitzea. Sierben komentuak hartzen duen lur saila ekipamendu erabilerarako izendatuta dago, hain zuzen, udalerriko hirigintza ordenamenduan, eta udalaren asmoa horri eustea da, alkatearen esanetan. "Etxebizitza erabilerarako lehentasunik ez" du Sierben eremuak egungo udal gobernuarentzat. Duela sei hilabete EAJren proposamenari emandako erantzuna dela eta, "oraindik ez genekien zenbaterako gerakina izango genuen, ez lur sail horren gainean negoziatzeko aukerarik izango genuen, ezta kostua zenbatekoa izango zen ere", esan zuen Alkortak. "Ondoren, aukera izan dugu gure gastu araua gainditu gabe erosketa hori egin ahal izateko, katastroko bere baliotik oso gertu dagoen balioarekin lortzeko", zehaztu zuen. "Guretzat garrantzitsuena da udalak lur sail horiek erosi izana, eta herri honen beharrei eta interesei erantzutea", gaineratu zuen alkateak, Sierbetako eremuan Azpeitiarentzat "estrategigoa izan daitekeen proiektu bat gara daitekeela" iradokiz.
Udalbatzarraren atarian plazan egindako elkarretaratzearekin lotuta, urtarrilaren 28an Statkraftek udalean egindako baimen eskaerari buruz EAJk otsaileko udalbatzarrean "galdera egin" zuela esan zuen atzo Altunak, eta bezperan ohar bidez emandako azalpenak berritu zituen alkateak, jeltzalearen aipamenari erantzunez.