Piaspe proiektu eolikoa

Elkarretaratze jendetsuarekin salatu dute udalak Piaspe proiektuarekiko duen jarrera

Mailo Oiarzabal 2025ko uzt. 2a, 10:04

200 bat lagun elkartu ziren atzo arratsaldean Azpeitiko plazan, Non dago udalaren gardentasuna? eta Azpeitiko Udala azpijokoan lelodun pankarten artean, Sañu Biziriken deialdia babestuz.

Sañu Bizirik taldeak deituta, 200 bat lagun elkartu ziren astearte arratsaldean herriko plazan, Non dago udalaren gardentasuna? irakur zitekeen pankartaren atzean, eta kioskoan zintzilikatu zuten eta Azpeitiko Udala azpijokoan leloa zuen beste bati bizkarra emanda.

Statkraft multinazionalak Sañoa mendiaren inguruetan gauzatu nahi duen Piaspe proiektu eolikoaren aurreko lanen barruan, Norvegiako enpresak haize neurgailua jartzeko egindako baimen eskaerari ezkutuan bide eman izana leporatzen diote Sañukoek udalari, Txillarramendi auzo elkartekoek bezala, eta hori salatzeko egin zuten, hain zuzen, atzoko protesta. Erakundeak, aldiz, gezurtatu egin du informazioa ezkutatzeko asmoz aritu izana.

Hain zuzen ere, uztaileko udalbatzarra hasi baino ordu erdi lehenago hasi zuten atzoko elkarretaratzea, 18:30ean, eta ordu erdiz aritu ziren zintzarriak astinduz eta adarra joz ozen, udaletxe atarian, protesta zaratatsuan, tartean udalaren jarrera salatzeko eta mendietan eolikorik ez dutela nahi adierazteko leloak oihukatuz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide