Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak Emakundek antolatutako mintegi batean parte hartu zuen atzo, Bilbon. Nolakoa da politika emakumeentzat? izenburupean aritu ziren jardunaldian, politikagintzan emakumeek duten zereginari buruz solasean.
Alkortak mahai inguruetako batean parte hartu zuen, euskal erakundeetako beste ordezkari batzuekin batera. Hain zuzen ere, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiarekin eta Cristina Gonzalez Arabako lehen diputatu nagusiordearekin jardun zuen solasean Alkortak. Horiek politikagintzan izandako esperientziak partekatu zituzten ikus-entzuleen aurrean.
Bigarren mahai inguruan, berriz, Maitane Ipiñazar eta Edurne Benito legebiltzarkideak eta Ane Oiarbide Donostiako Udaleko Berdintasun zinegotzia aritu ziren hizketan, gai berbera hartuta. Bestalde, hausnarketa akademikoa gauzatu zuten Jennifer Piscopo Londresko Unibertsitateko Genero eta Politikako irakasle eta Royal Holloway genero institutuko zuzendariak zein Nuria Varela kazetari, idazle eta militante feministak. Horiek, besteak beste, emakumeek politikan duten ordezkaritzaren kalitateari buruz aritu ziren.