Borondatezko lana marraka artean

Maddi Txintxurreta 2025ko abu. 21a, 08:52

Alejandra Fara, Biziraun elkarteko lehendakaria, Kaminburuko koloniako katu bat besotan duela. (Maddi Txintxurreta)

Kaleko katuak identifikatzeko eta kontrolatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Azpeitiko Udalak eta Biziraun elkarteak. Geroztik, talde horretako boluntarioak herrian dauden zortzi katu koloniez arduratzen dira. Katuak ugaltzea saihesten dute, eta haien bizi kalitatea hobetzeko lanean ari dira. Uztaileko Azpeitia Guka aldizkariko erreportajea da hau.

Hiru hilabete igaro dira Azpeitiko Udalak Biziraun elkarteko kideekin kaleko katuak kontrolatzeko lankidetza hitzarmena sinatu zuela iragarri zuenetik, eta geroztik, elkarte horretako boluntarioak era ofizialean ari dira animalion zaintzaz eta kontrolaz arduratzen. Eragileok nabarmendu dute garrantzitsua dela inguru urbanoetan kaleko katuak egotea, karraskarien eta intsektuen plagak kontrolatzen laguntzen baitute, baina era berean, katuak kontrolik gabe ugal ez daitezen zaintzea beharrezkoa dela diote.

Legezko betebeharrek hauspotu zuten udalaren eta Biziraunen arteko akordioa. "9/2022 lege autonomikoak nahiz 7/2023 estatuko legeak argi diote herriko katu kolonien kudeaketaren ardura udalarena dela. Kudeaketa horrek esan nahi du udalak kalean dauden katuak identifikatu behar dituela, ez ugaltzeko antzutu egin behar dituela eta osasun baldintza onetan nahiz elikatuta daudela bermatu behar duela", azaldu du Joanes Amenabar Azpeitiko Udaleko Ingurumen batzordeburuak.

Hori guztia udalak finantzatzen du, baina exekuzioa gaiaren inguruan interesa eta ezagutza duen elkarte baten esku uztea baimentzen dute legeek, eta hori da udalak egin duena. "Kontratazio publikoko prozesu bat egin dugu, eta Ekain klinikako albaitariekin ere hitzarmena sinatzekotan gaude; era horretan, antzutze eta artatze zerbitzuen fakturak zuzenean haiekin kudeatuko ditugu", argitu du Amenabarrek.

Hitzarmenak ibilbide laburra du, baina Biziraunekoek denboratxo bat bazeramaten lanean aurretik ere, Alejandra Fara elkarteko presidenteak zehaztu duenez. Katuekiko zaletasunak eta haien egoera goibelak sortzen zien kezkak batu zituen hiruzpalau pertsona, eta beren kabuz aritzen ziren gauez kaleko katuak harrapatzen, gero haiei albaitariarenean osasun probak egiteko eta antzutzeko, edo katu koloniak identifikatuta zituzten lekuetan jatekoa uzten. Pentsua nahiz albaitaritza zerbitzuen fakturak beren poltsikotik ordaintzen zituzten, eta herriko Ekain kontsultako albaitariek asko lagundu zieten arren –"oso eskertuta gaude horrekin", nabarmendu du Farak–, gastu ekonomikoaren karga astuna zen. "Zerbait egin beharra zegoen; izan ere, katu emeak etengabe erditzen ziren eta gaixotasun pila bat zituzten, eta, askotan, katakumeak desagertu egiten ziren. Horrekin amaitu beharra zegoen, eta orain, denbora da auzoan katakume bat ikusten ez dudala. Pena pixka bat ematen du, baina oso berri ona da hori. Eta, batez ere, beren bizi kalitatea asko hobetu da", adierazi du elkarteko lehendakariak.

Kaminburuko koloniako hainbat katu, Joxe Manuel Larrañagaren lursailean. (Maddi Txintxurreta)

Lankidetza hitzarmena sinatu geroztik, ordea, udalak egiten die aurre kostu horiei, baina are garrantzitsuagoa iruditzen zaio Farari egiten duten lanak izaera ofiziala eta aitortza instituzionala jaso izana: "Lehen beldur puntu batekin egiten genuen lan, herritar batzuen begirada mesfidatiak pairatu behar izaten genituen, eta, batzuetan, katuen pentsua lapurtu egiten zuten. Orain, ez; lasaitu ederra hartu genuen alde horretatik".

Gaur-gaurkoz, 113 katu artatzen ditu Biziraun elkarteak Azpeitian identifikatuta dituen zortzi katu kolonietan. "Baina guztiak ez dira hau bezalakoak", adierazi du Farak. "Hau" dioenean, Kaminburuko katu koloniaz ari da, herriko handienaz. Han dago Biziraun elkarteko lehendakaria, hamaka tolesgarri batean eserita, egunero-egunero katuak zaintzeko bisitatzen duen lursailean. 

Inguruan, baratzean, belarretan ala fruta arboletara igota, zortzi-hamar katu dabiltza bueltaka; Farak guztiak ezagutzen ditu beren izenez, eta bakoitzaren izaera eta historia xehetzeko gai da. Orain taldetxo bat dago kolonia horretan, baina 30 katu baino gehiago azaltzen dira, nahieran, Kaminburuko koloniara, Alejandra Farak gauero ematen dien pentsuaren bila. Kaiola handi batean dago horietako bat; antzutu berri dute eta bertan emango ditu egun batzuk, espazio eta lagun berrietara egokitu arte. Joxe Manuel Larrañaga Kaminburu-renak dira lurrok; Biziraun elkarteko zuzendaritza taldeko kidea da, eta Kaminburuko katu koloniaren arduraduna, Fararekin batera. Halaber, kolonia horren alde batean, Iñaki Azpiazu 7-8 zenbakien atzealdean, gaixorik dauden katuak sendatzeko 3x3 metroko etxola bat jarriko du udalak.

HAI metodoa

Biziraun elkarteko boluntarioek, funtsean, hiru ardatzen baitan egiten dute lan: harrapatu, antzutu eta itzuli. HAI metodoa deritzo horri. Gauez ateratzen dira aurretik identifikatu dituzten katuak harrapatzera (batzuetan herritarrek ematen dute abisua), kaiola tranpa batekin, eta albaitariarenera eramaten dituzte segidan. Han, antzutu egiten dituzte, eta izan ditzaketen gaixotasunak tratatu. Antzututako katuei marka bat egiten diete belarrian: arrak badira, ezkerreko belarriaren punta mozten diete; emeak badira, eskuinekoa. Modu horretan, Bizirauneko boluntarioek badakite katu horiek kolonietan identifikatuta eta antzututa daudela. Horren ostean, kalera itzultzen dituzte, kolonietan zeukaten bizimodura.

Kaminburuko katu kolonia iragartzen duen kartela. (M. Txintxurreta)

Katu kolonia bakoitzaz Bizirauneko bountario bat edo bi arduratzen dira, eta horiek guztiek katuak zaintzeko, elikatzeko eta antzutzeko udal baimena dutela adierazten duen akreditazioa dute. Momentuz, lan horri eusteko indarrarekin eta gogotsu daudela ziurtatu du Farak, eta esan du taldea osatzen duten boluntario kopuruarekin identifikatuta dituzten 113 katuak artatzeko gai direla. Hala ere, ziur dio Azpeitian katu kolonia gehiago daudela: "Ezinezkoa zait pentsatzea ez dagoela katu koloniarik Urrestillan edo Sanjuandegin, adibidez". Horregatik, katu kolonia gehiago identifikatuko dituzten susmoa du, eta kasu horretan, boluntario gehiagoren laguntza beharko dutela aurreikusten du.

Herritarren ardurak eta aukerak

Herriko gainontzeko katu kolonietan bezala, Kaminburun kartel bat jarri du udalak, leku horretan kolonia bat dagoela jakinarazteko eta horren aurrean herritarrek nola jokatu behar duten azaltzeko. Honako hau irakur daiteke kartelean: "Ez elikatu baimenik gabe, ez eraman etxera, abandonatu edo tratu txarrik eman katuei. Ez molestatu".

Arau horiek errespetatzea "funtsezkoa" dela dio Farak, asmo onez egindako ekintzek zaildu egin baitezakete Biziraungoen lana. "Nik harrapatu nahi dudan katu bati jaten ematen badio norbaitek, askoz ere zailagoa da katua nigana etortzea", azaldu du elkarteko lehendakariak. Horrez gain, sarritan jendeak ez dakien arren, etxepean jaten ematen dieten katuek kolonia osatzen dute, eta hori jakinarazi egin behar dela esan du Farak, "katuak antzutzeko eta kolonia hori kontrolpean izateko".

Hala ere, kaleko katuak lagundu nahi dituzten herritarrek badute horretarako aukera, elkarteak kudeatzen dituen adopzioen bitartez. Biziraun elkarteak lehentasuna ematen die adopzioei, nahiz eta kasu batzuetan ez den posible, kale katu guztiak ez baitira etxekotzeko modukoak. Adopzioaz gain, "harrera etxearen aukera" ere eskaintzen du Biziraunek: katuak ala katakumeak etxean zaintzean datza horrek, harik eta norbaitek behin betiko adoptatzen dituen arte. Beraz, era batera edo bestera, katu bat hartu nahi duten herritarrak Biziraun elkartearekin jar daitezke kontaktuan, biziraun.azpeitia@gmail.com helbidera edo Instagramera (@biziraun) mezua idatzita. Halaber, kaleko katuen inguruko abisuak bide horiexetatik eman ditzakete herritarrek.

Aulki tolesgarritik altxatu eta Kaminburutik alde egin aurretik, udalak gaiarekiko erakutsi duen konpromisoa eta herritar askok eskaini dieten laguntza eskertu nahi izan ditu Farak. Atera da lursailetik katuak han utzita, beraien eremuan, Eto’o salbu, atzetik baitu segika. Gauean itzuliko da jaten ematera.

Katu bat, aldamenean pentsua duela. (M Txintxurreta)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide