Eguraldi iragarpen kaskarra tarteko, Ehunmilak ultratraila ez da Azpeititik igaroko

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 10a, 08:00

Mendi korrikalari bat, iaz, Azoka Plazan. (Ihintza Elustondo)

Bihar ziren hastekoak Ehunmilak ultratraila eta Goierriko Bi Haundiak probak, Beasainen. Eguraldi txarra iragarri dutela eta, larunbatean hasiko dira bi lasterketak, eta Ehunmilak ez da herritik igaroko; bai, ordea, Zelatundik. Probaren distantzia moztu eta denbora muga murriztu dituzte antolatzaileek.

Eguraldi iragarpena tarteko, antolatzaileek aldaketak egin dituzte Ehunmilak eta Goierriko Bi Haundiak (G2H) lasterketetan, eta ultratrail proba luzea ez da Azpeitiko lurretatik igaroko. Bi proba horiek bihar, ostiralez, ziren hastekoak, baina Euskalmeten eguraldi iragarpen txarra tarteko, zapatuan izango dira, "lasterkarien eta boluntarioen segurtasuna bermatzeko" xedez.

Ehunmilakeko partaideak zapatuan 11:00etan irtengo dira Beasaingo (Gipuzkoa) plazatik, eta Tolosaldean eta Goierrin barrena osatuko dute 125 kilometroko ibilbidea. Aurtengo edizioan, XIV.ean, distantzia laburtu egin dute –berez 171 kilometro izan ohi ditu lasterketak– eta denbora muga murriztu –31 ordutan osatu beharko dute ibilbidea parte hartzaileek–. Ondorioz, korrikalariak ez dira Xoxotera igoko eta Azoka Plazako anoa gunetik igaroko; bai, ordea, Errezilgo lurretatik, zehazki Zelatundik.

G2H probaren ezaugarriak mantendu egin dituzte antolatzaileek. Proba hori ere zapatuan hasiko da, 19:00etan hain zuzen, eta lasterkariek 88 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Aurreikusitako moduan, igandean (08:00etan) izango da Marimurumendi mendi maratoia, 42 kilometroa. Hiru lasterketetan herriko lagun bat baino gehiagok parte hartuko du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide