Gaur goizetik ostiral arratsaldera bitartean 21 partida jokatuko dituzte nazioarteko hainbat futbol taldek Garmendipe zelaian. Urtero bezala, Donosti Cup txapelketak ekarri du futbolaren maratoia Azpeitira zein eskualdeko beste hainbat herrietara.
Gipuzkoako 60 futbol zelaietan, guztira, 30 herrialdetako 900 taldek parte hartuko dute torneoaren aurtengo edizioan, eta horietatik 200 izango dira emakumeek osatutakoak. Denera, gutxi gorabehera, 16.000 pertsona bilduko ditu txapelketak. 2.000 partida inguru jokatuko dituzte datozen egunetan.
Azpeitian jokatuko diren partidetan, Gipuzkoako Tolosa CF, Euskalduna SD, Kostkas eta Danena KE lehiatuko dira. Gainontzean, munduko hainbat txokotako futbolariek jokatuko dute Garmendipen: Estatu Batuetatik datoz Ventura County FC Oaks eta Avanza Sport taldeak, Kanadatik West Van FC, Hondurastik Olimpia FBO, Kataluniatik CD Fontsanta-Fatjo B eta Espainiatik CSF Team A.