Azpeitiko Gaztetxea XX. urteurreneko ospakizunetan murgilduta dago hil honetan, eta uztailaren 19koa izango da prestatu duten egitarauaren baitako egun handia. Beste ekintza batzuen artean, bazkaria eta kontzertuak egingo dituzte, eta horietan parte hartzeko txartelak saltzen aritu ziren atzo arratsaldean plazan.
Ilara luzea sortu zen Gaztetxeko kideek txartelak saltzeko jarri zuten mahaiaren ondoan, eta antolatzaileek zehaztu dutenez, kontzertuetarako sarrera gutxi batzuk besterik ez dira gelditzen. Hilaren 19an Istilu, Verrater eta Labankada taldeen emanaldiak izango dira, eta horietara joan nahi dutenek bihar, osteguna, izango dute sarrerak lortzeko azken aukera. Atzo bezala, 19:00etatik 20:00etara bitartean jarriko dituzte kontzertuetarako eta bazkarirako tiketak salgai, plazan.
Baltsen prestaketa
Bestalde, XX. urteurreneko festa egun handia baltsa jaitsierarekin hasiko dute gaztetxeko kideek, eta jadanik hasi dira Urola ibaian behera joango diren ontziak sortzen. Atzo aritu ziren hainbat lagun horretan Gaztetxean, eta gaur ere izango da sormenari bide emateko aukera.