Hainbat lapurreta saiakera izan direla eta, horiek saihesteko gomendioak eman ditu Udaltzaingoak

Julene Frantzesena 2025ko uzt. 9a, 14:29

Azpeitia altueratik begiratuta.

Azken boladan adinekoei hainbat lapurreta eta lapurreta saiakera egin dizkiete eskualdean, tartean Azpeitian. Horren aurrean, behar baino diru gehiago soinean ez eramatea iradoki du Udaltzaingoak, baita toki bakartietan ez ibiltzea aholkatu ere. Ebasketaren bat jasaten dutenei Udaltzaingora deitzeko eskatu die erakundeak.

Azken boladan adinekoei hainbat lapurreta eta lapurreta saiakera egin dizkiete eskualdean, tartean Azpeitian. Hori dela eta, Udaltzaingoak halakoak saihesteko hainbat gomendio eman ditu. Besteak beste, adinean aurrera egindako pertsonei, ahal dela, argitasun gutxiko lekuetan eta toki bakartietan ez ibiltzea aholkatu die.

Halaber, dirua, giltzak, agiriak nahiz mugikorrak leku berean ez eramatea ere gomendatu du Udaltzaingoak, eta iradoki jantzietako leku desberdinetan banatzeko horiek, ahal dela, jantzien barrualdeko poltxikoetan. Gainera, soinean behar baino diru gehiago ez eramateko ere esan du, poltsa ondo ixtea aholkatzearekin batera. Horrez gain, norbait ezezaguna hurbilduz gero, alde egiteko ere esan du.

Ebasketaren bat jasaten duten herritarrei ahalik eta azkarren Udaltzaingoarem 092 deitzeko eskatu die erakundeak, baita inguruan den saltokietan edo establezimenduetan laguntza eskatzeko ere. Bestalde, edozein argibide edo zalantza izanez gero, Udaltzaingora jo dezakete herritarrek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide