Astebete pasatxo falta da freestyle modalitateko moto kros probarako, eta Azpeitiko Udalak adierazi duenez, oraindik ere eskura daitezke hitzordu horretarako sarrerak. Hain zuzen ere, Jim Clark tabernan edo Enterticket.es atarian eros daitezke horiek; 25 eurotan helduenak eta hamabost eurotan 5 eta 12 urte bitartekoenak –5 urtetik beherakoek doan ikusi ahal izango dute saioa–. Halaber, VIP sarrerak ere jarri dituzte salgai, eta horiek erosten dituztenek, probaz gain, entrenamendu saioez ere gozatu ahal izango dute.
Azpeitiko zezen plazan egingo dute moto kros ikuskizuna uztailaren 19an, larunbatez, 22:00etan hasita, eta herrian halakorik egiten den aurreneko aldia izango da. Hain zuzen, Espainiako Estatuko hainbat udalerritan jokatzen ari diren Europako Koparen barruko hitzordua izango da Azpeitikoa. Hain zuzen, parte hartuko duten lau pilotuek Europako Kopako finalaurrekoetarako txartela izango dute jokoan.
Ordu eta erdi inguruko iraupena izango du probak. Lehenik lau moto gidariak ariko dira lehian, eta horien artean puntu gehien lortzen dituzten biek finala jokatuko dute. Irabazleak finalaurrekoetarako txartela lortuko du. Europako Koparen finala, berriz, Sevillan (Espainia) izango da, azaroaren 29an.
Udalak azaldu duenez, herritarren artean "ikusmina" sortu du probak, eta azaldu du punta-puntako lau pilotu ariko direla lehian: Remi Bizouard frantziarra, Diogo Ribeiro portugaldarra eta Rayco Diaz zein Dani Martinez espainiarrak. Horiek hamabost metrora arteko jauziak egingo dituzte, gauez, argien eta soinuen efektuek lagunduta. Burgosko (Espainia) Gestevent Global enpresak antolatu du ikuskizuna Azpeitiko Udalaren laguntzarekin.