Esklaben aurreko lanak amaituta, autoentzako norabide bakarra eta aparkaleku gehiago

Maialen Etxaniz 2025ko uzt. 10a, 15:24

Aurrerantzean, autoek Esklabetatik Iñaki Azpiazu kalera joan ahal izango dute, baina ez Iñaki Azpiazutik Esklaben aldera. Hamabi aparkaleku egokitu dituzte alokairu sozialeko etxebizitzen atarian, eta zebra-bidea ere jarri dute.

Amaitu dituzte Esklaben aurreko trafikoa ordenatzeko lanak: aurrerantzean trafikoa noranzko bakarrekoa izango da eta aparkaleku gehiago egongo dira erabilgarri. Beraz, autoek Esklabetatik Iñaki Azpiazu kalera joan ahal izango dute, baina ezingo dute Iñaki Azpiazu kaletik Esklaben aldera jaitsi. Aparkalekuei dagokienez, hamabi aparkaleku berri egokitu dituzte alokairu sozialeko etxebizitzen aurrean, eta zebra-bidea ere marraztu dute; izan ere, lehen ez zegoen trafikoa bideratzeko neurririk. 

Ekainean jakinarazi zuen udalak hainbat lan egingo zituela Iñaki Azpiazu kalearen eta Esklaben arteko errepidean, "oinezkoen segurtasuna hobetzeko" eta "eremua ordenatzeko"; izan ere, erakundearen arabera, autoen joan-etorria handia izaten zen eremu horretan, eta arazoak sortzen ziren trafikoan. Horiei aterabidea emateko egin dituzte lanok. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide