Uztailaren 17an iritsiko dira Saharako haurrak Azpeitira

Ihintza Elustondo 2025ko uzt. 11a, 13:12

Haur sahararrak, Oporrak Bakean programan. (Darahli)

Oporrak Bakean programari esker, Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako hamar haurrek Urola Kostako familietan igaroko dute uda; horietako lauk Azpeitian. Dagoeneko Euskal Herrian behar zuten, baina espero baino bi aste geroago iritsiko dira, pasaporte kolektiboekin arazo burokratikoak izan dituztelako.

Oporrak Bakean programari esker, Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako hamar haurrek Urola Kosta eskualdeko familietan igaroko dute uda; horietako lauk Azpeitian. Guztira, 300 bat haur etorriko dira Euskal Herrira errefuxiatuen kanpalekuetatik. Berez, dagoeneko Euskal Herrian behar zuten haur horiek, baina pasaporte kolektiboekin arazo burokratikoak izan dituzte, eta oraindik ez dira iritsi. Darahli elkarteko kideek oraindik ziur ez badakite ere, uztailaren 17an, ostegunez, iritsiko direla aurreikusten dute.

Harrera familiek hartzen ez dituzten haurrak Larrabetzuko (Bizkaia) Bakeleku udalekuan izango dira abuztu amaierara arte. Guztira, 60 bat boluntario izango dira txandaka Larrabetzun, gehienak zumaiarrak, baina baita azkoitiarrak eta azpeitiarrak ere. Eguneroko ekintzak kudeatuko dituzte boluntario horiek, hala nola, jatorduak, arropak garbitzea edo dutxak. Kirol jarduerak eta tailerrak ere antolatuko dituzte.

Azpeitian harrera

Eskualdeko hainbat herritan harrera egingo diete Saharako haurrei. Azkoitiko eta Azpeitiko udalek uztailaren 26an, larunbata, egingo diete harrera ekitaldia, Azpeitiko plazan, 11:30ean, eta asteburu horretan beste hainbat ekintza ere izango dira bi herri horietan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide